Toxikoak

Posted by Katixa - Under: artikuluak

Denok ezagutzen ditugu horrelako pertsonak. Arrisku oharra eraman beharko lukete lepotik zintzilik. Orain dela gutxi “pertsona toxikoak” etiketa egokitu zaiela jakin izan dut eta izendapen aparta iruditzen zait. Giroa eta aldartea erabat intoxikatzen dutelako, zinez.

Identifikatu ezin nituenean ez nekien zergatik jartzen nintzen hain urduri pertsona toxiko baten ondoan nengoenean, edo zergatik sentitzen nintzen pott eginda berarekin hitz egin ostean. Orain badakit, eta adi nago. Gauza bera egitea gomendatzen dizuet.

Pertsona toxikoek dena ikusten dute ilun, dena ospel. Baina ez hori bakarrik: zuk ere, eta inguruko edozeinek, dena ilun, dena ospel ikusi arte ez dira konformatuko. Eta okerrago dena: manipulazioaren artean maisu edo maistrak izaki, erraz lortu ohi dute beren helburua.

Pertsona toxikoari bizitza honetako erronkarik txikiena ere eskuraezina iruditzen zaio. Hori ezinezkoa da, e-zi-nez-ko-a, ez ezazu ezta saiatu ere egin, esango dizu, porrotaren bidea grafikoki deskribatuz. Ez dira konturatzen zein mespretxatzaile suertatzen diren jokaera horrekin.

Pertsona toxikoei dena ematen die beldurra. Mundua mehatxuz beteriko oihan umela da. Adibidez, etxeko lubakia utzi eta bidaiatzeari ekitea: zoramena! Eta ez dute bidaiatzen. Ondo da. Baina zuk bidaiatzeko asmoa duzula errebelatzen badiozu, eskuak burura eraman, eta bidaia horretan zure zain dauden arrisku guztiak gogoraraziko dizkizu: lapurretak, bortxaketak, gaixotasun tropikalak…

Ezin dute ezer ospatu, ezer ez baita nahikoa beraientzat. Lan berria? Soldata hobeago merezi zuten. Haurdunaldi bat? Buf, ea arazorik gabe datorren. Eta aldi berean, besteek lortzen duten edozein gauzari inbidia diote.

Urrunetik begiratuta, izugarrizko pena ematen dute pertsona toxikoek. Ezingo dute inoiz bizitza honetan disfrutatu (hurrengoa ere ez, seguru asko). Hurbiletik, berriz… hobe gehiegi ez gerturatzea, maskararik gabe behintzat.

Leioako campusean Irakurle Klub bat martxan jarri nahian

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea

Irakurtzen al dute unibertsitate-ikasleek? Auskalo! Baiezkoan nago (batzuek behintzat, irakurriko dutela) baina badaezpada ere, Leioako campusean martxan jarri nahi dugun Irakurle Klubak ez dizkio inori ateak itxiko. Euskaraz irakurri eta ondoren idazlea/itzultzailea ezagutu nahi baduzu, liburuari buruz hitz egiteko, orain eta hilaren 23ra arte eman dezakezu izena, hurrengo helbideetan.

Bilboko Kultur Gestioko Bulegoa
UPV/EHU Larrakoetxea
Lehendakari Agirreren Etorbidea, 81
Bilbao 48015
marije.ortega@ehu.es
Tf: 94 601 71 42 / 71 11


Euskaraz irakurtzeko zaletasuna dutenentzat (edo zaletasun hori garatu nahi dutenentzat) pentsatuta dago Leioako Irakurle Kluba. Bakarkako lana da irakurtzea, baina irakurritakoaz hitz egitea taldeko jarduna ere izan daiteke. Hilean behin liburu bat irakurri, bildu, komentatu eta egilearekin berarekin egoteko aukera izango dugu. Euskal literatura barru-barrutik ezagutzeko.

Datak:

2009/11/17, 2009/12/15, 2010/02/16, 2010/03/16, 2010/04/20 eta 2010/05/18

(15 ordu)

Ordutegia: Astearteetan (18:00 – 19:30)

Tokia: Leioako Liburutegia

Plaza-kopurua,gehienez 20, gutxienez 10.

Prezioa: 20 €

Aukera askeko kredituak: 1

Arduraduna: Katixa Agirre

Gaur, mahai-ingurua Gasteizen

Posted by Katixa - Under: hitzaldiak, liburuak

Urriko bost ostegunetan mahai-inguru bana antolatu du 111 Akademiak Literaturaren bideak etorkizunean izenburupean. Gaur, Gasteizko txanda da.  Iban Zalduak, Patxi Zubizarretak eta hirurok hartuko dugu parte.
Gasteizko Elkar aretoan izango da iluntzeko 7etan, eta moderatzaile lanetan Ibon Egaña izango dugu. Futurologia ariketa bat funtsean: bolari galdetu beharko diogu zeintzuk izango diren Literaturaren bideak etorkizunean.

.
.

Reno 911

Posted by Katixa - Under: memelokeriak, reno

Gaur goizean, lanerako bidean, auto batek gizon bat harrapatzen ikusi dut. Lurrean gelditu da gizajoa, kexuka. Gidaria ere, negarraren hegian. Gerturatu egin naiz, beste bikote bat ere gerturatu da… “anbulantzia bati deitu beharko diogu, ezta?” Telefonoa atera dugu aldi berean bikoteko neskak eta biok, baina nik 911 markatu dut eta telefonoak ez du seinalerik eman batere. Beste neskak deitu behar izan du azkenean.

Gertaerak bi gauza egiaztatu dizkit:

a) Emergentzia egoeretan ezin dela nirekin kontatu
b) Gehiegi ikusi dudala uda honetan Reno 911 telesail txanantea.

.
.

Eta istripua izan duenari laster osatzea opa diot, noski.

Polanski afera

Posted by Katixa - Under: Sailkatugabeak

Ez dakit Hard Candy pelikula ikusi duzuen. Bertan, hamalau urteko neska batek ustezko pederasta bat drogatu eta bahitzen du. Gizonak, kartzelariaz libratu nahian, bere pederastia publikoki aitortuko duela agintzen dio. “Eta horrekin zer konpontzen dugu?” galdetzen dio neskak. “Horrek nire karrera suntsituko du” erantzuten dio gizonak. Eta neskak, irribarre ziniko bat ahotan: “Bai, noski, Polanskiri Oscarra eman ziotenean bezala, ezta?”.

.

Gaur egungo gizartean pederastaren irudiak ogroarena ordezkatu badu ere, umeekin oheratzen diren gizonak ulertzeko eta bere biktimari errua botatzeko saioak etengabeak dira. Lerrook idazterakoan, Roman Polanski zuzendaria Suitzako kartzela batean dago, Califoniako justiziak hala eskatuta. 1978tik, fidantzapeko askatasuna aprobetxatuta hanka egin zuenetik, bere atzetik dabil.

Zinearen mundua aho batez ia agertu da Polanskiren aldeko. Frantziak eta Poloniak ofizialki eskatu dute bere liberazioa. Prentsan denetariko argumentuak irakurri ditugu, zuzendariaren askatasunaren aldekoak guztiak. Kasu zahar bat dela, propaganda nahia baino ez dagoela afera guztiaren atzean… Beste argudio mota batek Polanskiren biografia (Auschwitz, ghettoa, Manson zoroaren krimenak) edo talentua (bai, nik ere maite dut Chinatown) gogorarazten du aringarri gisa. Batzuek beren anti-amerikanismoari bazka emateko aprobetxatu dute, eta beste zenbaitek puritano vs. liberalen arteko borroka bihurtu nahi dute afera guztia.

Baina inork gutxik aipatzen du Romanen arazoaren iturburua: 13 urteko ume bat drogatu eta bortxatu zuen. Hala onartu du zuzendariak berak ere. Neskak ezetz esan eta Polanskik aurrera jarraitu zuen: hor dago gakoa. Polanskiren aldekoek ez dute gertaera aipatu ere egin. Zaurian piko ez egiteagatik? Edo benetan ez zaielako hain grabea iruditzen? Azken finean, Hollywoodeko giro horretan, eta neska klase horrekin, eta Polanskiren sentsibilitatea kontuan hartuta…

_____________________________

Asteartean idatzi nuen goiko testua, eta ordutik egia da Polanksirekin hain ulerkor eta xamurrak ez diren iritziak argitaratuz joan direla. Enric Gonzalezek El País-en idatzitakoarekin gelditzen naiz:

Tal vez en el siglo que viene no sea un delito retozar con una niña de 13 años, y el caso de Polanski se asimile al de Oscar Wilde, que se pudrió en una cárcel por ser homosexual y no callárselo. Es posible. Yo espero que no. Espero que la ley y la moral sigan distinguiendo entre niños y adultos, y que los segundos no puedan abusar de los primeros.