Gustuko dut hitzaldi, mahai-ingur eta konferentzietara joatea, hizlariak edo jorratuko diren gaiak interesgarriak izango direla iruditzen bazait. Beldurra diet ekitaldi hauetako amaierei, mikrofonoa publikoaren esku uzten denean, galdera, erregu eta iruzkinetarako irekita.
Elitista alproja! Herriaren hitza horrela mespretxatzea ere! Tarima gainean dagoenari bakarrik eskaini behar al diot nire arreta?
Bada, printzipioz bai. Hitzaldira joatea erabaki badut, hizlariagatik izan da, tarima gainean dagoenagatik, eta ez bertara bildutako publikoagatik. Gerora gerta daitekeela entzuleen artean ere iruzkin aberasgarri eta ñabardura interesgarriak loratzea? Bada, izan daiteke, baina nire esperientziak dio iruzkin abesgarridun jendea isilik geratu ohi dela, eta aldiz, ezer interesgarririk esateko ez duten horiek mikrofonoa bahitzeko joera daukatela. Beren kasu pertsonal bezain txepela kontatzeko. Jorratzen den gaiarekin zerikusirik ez duen parrastada inkoherentea botatzeko. Etxetik aurrefabrikatua ekarri duten iritzia luzatzeko, entzundako ezerk bere iritziarengan inongo eraginik izan ez duela agerian utziz.

Edozein hitzaldi aipa dezaket adibide gisa, baina aipa dezadan Erika Lust zine porno zuzendariak Bilbon orain dela pare bat aste emandakoa. Porno feministarik egon daiteke? Hura zen gaia, eta horren inguruan aritu zen zuzendari suediarra, berak egiten duen pornoa zergatik kontsideratzen duen feminista azalduz: emakumearen gorputza objektibatzen ez duelako, emakumeak ere sexua gustuko duela errebindikatzen duelako… Eta hara non altxatzen den gizon bat aldarrikatzera pornoa ez dela emakumeentzat (gizonezkoentzat bai, haiek ez baitute ohean nahi dutena lortzen -sic-): emakumeek nahiago dituzte gorteiatze jokoa eta fantasia erromantikoak. Ordura arte ezer entzun izan ez balu bezala. Audientziaren osaketa ia guztiz femeninoari erreparatu gabe. Zertarako? Berak ondo zekien emakumeek zer nahi zuten eta ezin izan zion mikrofono irekiaren tentazioari eutsi.
________________________
Erika Lust zuzendariari buruz gehiago jakiteko eta bere pelikulak streaming bitartez ikusteko hemen bere orria.