Autokarabanaz dator Fermin Etxegoien Santutxura

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea, liburuak

Aurrera doa Santutxuko Irakurlearen tartea, 2009ko azken saioa dugu biharkoa eta Fermin Etxegoien gonbidatu dugu Autokarabana bere lehenengo eleberriaz hitz egiteko.

“Badu zerbait liburu horrek” idatzi du Lander Garrok berriki. Zer ote da? Irakurri duzu zuk? Zer iruditu zaizu? Zer galdetu nahiko zenioke Etxegoien jaunari?Iruzkinik bai?

Betiko moduan, Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga) bilduko gara arrastiko 20.00etan. Baina etorri ezingo bazenu, blog hau ere irekita duzu edozein komentariorako.

Leioako campusean Irakurle Klub bat martxan jarri nahian

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea

Irakurtzen al dute unibertsitate-ikasleek? Auskalo! Baiezkoan nago (batzuek behintzat, irakurriko dutela) baina badaezpada ere, Leioako campusean martxan jarri nahi dugun Irakurle Klubak ez dizkio inori ateak itxiko. Euskaraz irakurri eta ondoren idazlea/itzultzailea ezagutu nahi baduzu, liburuari buruz hitz egiteko, orain eta hilaren 23ra arte eman dezakezu izena, hurrengo helbideetan.

Bilboko Kultur Gestioko Bulegoa
UPV/EHU Larrakoetxea
Lehendakari Agirreren Etorbidea, 81
Bilbao 48015
marije.ortega@ehu.es
Tf: 94 601 71 42 / 71 11


Euskaraz irakurtzeko zaletasuna dutenentzat (edo zaletasun hori garatu nahi dutenentzat) pentsatuta dago Leioako Irakurle Kluba. Bakarkako lana da irakurtzea, baina irakurritakoaz hitz egitea taldeko jarduna ere izan daiteke. Hilean behin liburu bat irakurri, bildu, komentatu eta egilearekin berarekin egoteko aukera izango dugu. Euskal literatura barru-barrutik ezagutzeko.

Datak:

2009/11/17, 2009/12/15, 2010/02/16, 2010/03/16, 2010/04/20 eta 2010/05/18

(15 ordu)

Ordutegia: Astearteetan (18:00 – 19:30)

Tokia: Leioako Liburutegia

Plaza-kopurua,gehienez 20, gutxienez 10.

Prezioa: 20 €

Aukera askeko kredituak: 1

Arduraduna: Katixa Agirre

Uxue Alberdi Santutxuko Irakurlearen tartean

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea

Aulki bat elurretan idatzi eta gurekin jorratu ostean, Aulki-jokoa bere lehen nobelarekin datorkigu Uxue Alberdi Santutxuko Irakurlearen Tartera, ondo baino hobeto ezagutzen duen eremura.

Berarekin liburuaz eta beste hainbat gauzez hitz egin nahi baduzu, badakizu non gauden, Arbidea kaleko AEK euskaltegian (Bilbon). Datorren asteazkenean bilduko gara, hilaren 27an arratsaldeko 20.00etan.

Guztiontzako aulkiak egongo dira.

Iban Zaldua, asteazkenean Santutxuko irakurlearen tartean

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea, liburuak

2008an argitaratu zuen Iban Zalduak Euskaldun Guztion Aberria nobela laburra, eta oraingoan gure tartera gerturatuko da historiako lehenengo euskal nobela post-independentistari buruz (edo beste edozein gauzari buruz) hitz egitera.

Unibertsitateko irakasle bat Euskal Herriko errealitate politikoarekin aspertuta. Alaskako unibertsitate batetik eskaintza bat datorkio, Euskal Herriari buruzko ikastaro bat emateko. Han,  Euskal Herriari buruz deus ez dakitenen aurrean, Euskal Herriko historia fantaskiko bat asmatzen du.

Badakizue, apirilaren 29an izango da, asteazkena, arrastiko 20.00etan Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga). Etortzerik ez baduzue zuen galdera hemen bota dezakezue. Nik pasako diot Ibani, eta erantzuna hona ekarri.

Datozen ekitaldi batzuk

Posted by Katixa - Under: hitzaldiak, irakurlearen tartea

Kostata, ebentoak plazaratzeko widget bat lortu nuen eta nire blog honetan inkrustatu, baina ez dabil batere fin, eta post baten bitartez errazago egingo zait datozen ekitaldien berri ematea.

  • Datorren asteartean, hilaren 24an Santutxuko Irakurlearen tartean izango naiz. Oraingo honetan ez anfitrio gisa baizik eta gonbidatu gisa, orain dela bi urte egon nintzen moduan. Uxue Alberdik egingo ditu gidari lanak eta aitzakia Habitat liburua izango da. Betiko moduan iluntzeko 20:00etan izango da, baina asteartearekin, ohi ez bezala…
  • …asteazkenean beste ekitaldi bat dudalako. Beasainen honako hau. X. Igartza Sariari esker atera diren bi liburuak aurkeztuko ditugu bertan. Irati Jimenezek berea, Nora ez dakizun hori, eta nik nirea.  Ekitaldia iluntzeko 7etan izango dela uste dut.

Bide batez, wordpress-erako ebentoak plazaratzeko fundamentuzko widget-en bat ezagutzen duzue?

Ondo igaro zubia!

Anjel Lertxundi Irakurlearen Tartean

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea

Datorren asteazkenean, hilak 25, Andu Lertxundiren bigarren bisita disfrutatu ahal izango dugu Santutxuko Irakurlearen Tartean. Oraingoan “Zoaz infernura, laztana” bere azken nobelaren aitzakia hartuta ekingo diogu saioari.

Bazatoz?

Otsailaren  25ean, eguastena, arrastiko 20.00etan Santutxuko AEKren Txurdinagako euskaltegian (Arbidea, 21). Uxue Alberdi izango dugu moderatzaile lanetan.