SOS: euskal literatura salbatzeko saria

Posted by Katixa - Under: Sailkatugabeak, artikuluak, blogak, habitat, hitzaldiak, irakurlearen tartea, la musique, liburuak, memelokeriak, palomitak, reno, sautrela

Pasa den urtean Jon Bilbao nire luma-kideak Erresuma Batuko Bad Sex Awards-en berri eman zigun zutabetxo honetan bertan: Literary Review aldizkariak ingelesez argitaraturiko sexu eszena txarrenari urtero ematen dion saria. Philip Kerrek, Norman Mailerrek eta Tom Wolfek dagoeneko irabazi dute. John Updikek bere karrera osoarengatik jaso zuen saria.

Hona hemen urte berrirako nire proposamen egokitua: egin dezagun gauza bera gure eremu honetan, alegia, euskal literaturaren eremuan. Ez dugu politikarien babesa behar (sari sinbolikoa izan daiteke, afaritxo bat, irabazlearen strip-tease batekin amaituta), ezta kritiko (erlatiboki) handien bedeinkapena ere (internet bidezko botaketaz lor daiteke epaia, Iban Zalduak behin baino gehiagotan proposatu duen Metacritic prozeduraz). Sexu-eszena bat idatzi edo idazten saiatu den edonor izan daiteke hautagai, delako eszena aurreko urtean argitaratua izan den bitartean.

Eta zertarako egin beharko genuke horrelako zerbait? Bada, umorea sustatzeko, erotismoaren hizkera txalotzeko, euskaldunen inguruko topikoen kontra egiteko, oraindik ere (eta gezurra dirudien arren) gure artean dirauten tabuak apurtzeko (eta ez naiz bakarrik sexuari buruz ari) edo Edorta Jimenezek berriki Sautrela saioan aipatutako “Arantzazuren sindromeari” behin-betiko aspirina emateko. Gutxi iruditzen zaizue? (Edorta, antolaketa lanetarako apuntatuko zinateke?)

Sari-banaketaren giro onaren alde gauza batetan amore emateko prest nago, ea zer iruditzen zaizuen: saria euskaraz argitaraturiko sexu eszena txarrenari eman beharrean, sexu eszena onenari eman ahal diogu. Sexu On Saria: SOS.

Zer diozue? Egingo al dugu? Salba genezake horrela euskal literatura? Batek daki, baina ondo pasako dugu, ziur. Has gaitezen bada pasa den urteko euskal liburuak errepasatzen. Non irakurri duzue sexu eszenarik txarrena? Ez, barkatu, onena esan nahi nuen.

Pickford txikia

Posted by Katixa - Under: artikuluak, palomitak

Gaur bezalako egun batez, 1979ko maiatzaren 29an, Mary Pickford izenaz gogoratzen dugun aktore eta zinegilea zendu zen.

87 urte zeuzkan, zimurrez beteta egongo zen seguru, eta hala ere Mary Pickford-ek ez zion inoiz neskatila bat izateari utzi. Hamabost urterekin bere jaioterriari agur esan (Torontokoa zen izatez) eta New Yorkera egin zuen alde. Garai hartan Hollywood sortzeke zegoen, eta zine industria etxe orratzen artean garatzen zen.

Gladys Smith glamourrik gabeko izena atzean utzi eta hamasei urterekin bere lehenengo pelikula mutua egin zuen, David Wark Griffith-en zuzendaritzapean. “Hau zortea nirea!” pentsatuko zuen neskatilak. Noski, Gladys Smith-ek ez zekien hurrengo hogei urtetan paper bera errepikatzera mugatu beharko zuela: neskatila inozentea eta samurra, gizon ausart bati esker arriskutik libratuta, azken minutuan beti.


1925. urtean, Photoplay aldizkariak hurrengo galdera luzatu zien bere irakurleei: Zein paperetan ikusi nahiko zenuke Mary Pickford? Erantzunak argigarriak dira: Heidi, Errauskine, Alice lurralde miresgarrian, Txanogorritxu… Etsipenez hartu zituen Pickford-ek iradokizunok: dagoeneko 32 urte zeuzkan, baina garaiera txikikoa zen, eta ile-kiribilek ume itxura ematen zioten.

Zeren eta, nork esan du baten adina barne-izpirituak baldintzatuta dagoela? Ez, lagunok, besteek nola ikusten gaituzten, adin hori daukagu. Pickford neskatila bihozbera bat zen, Amerikako sweetheart txikia. Urteek aurrera egiten zutela? Pickford emakume bilakatu, eta behin baino gehiagotan dibortziatzen zela? United Artists zine-konpainia sortu eta eta produktore ahalguztiduna bihurtzen zela? Hori publikoari bost axola zitzaion. Ile-kiribilak moztu eta neskatila inozoaren paperetik atera zen aldi bakanetan, porrota baino ez zuen dastatu.

1933. urtean egin zuen bere azken pelikula. Ondoren depresioa, isolamendua eta alkoholismoa. Gogorra baita neskatila tolesgabea izatea betiko.

Pelham 123

Posted by Katixa - Under: artikuluak, palomitak

Zinemara joan eta, pelikula hasi aurretik, trailer bat jarri zidaten. Arraroa bazen ere (estreinatu gabeko pelikula baten trailerra zen, azken finean) berehala egin zitzaidan ezaguna. 30. segundoan argi zegoen: nik pelikula hori ikusita nuen, beste aktore eta estetika batekin, hori bai. The Taking of Pelham 123 zen pelikula, eta horrela enteratu nintzen 2009 honetan 1974ko pelikularen remake-a egin behar dutela.

Pelikula originala orain dela gutxi ikusi nuen. Igande gau gogogabe batez telebista piztu eta hasieratik harrapatu nuenean. Berehala liluratu ninduen. Iragarkirik gabe jarri zuen ETB2k, gainera, (txalo bero bat!).

Kontatzen duen istorioa sinplea bezain eraginkorra da. Gaizkile talde batek New Yorkeko metroko tren bat bahitu (Pelham 123 trena, hain zuzen) eta udalari milioi bat dolar eskatzen dio, bahituak banan bana hilko dituzte bestela. Bitartean, hiriko garraio-polizia bat bahitzaileekin irrati bidez komunikatzen da, egoera konpondu nahian.

Pelikula benetako harribitxi bat da, elementu minimoekin (tunel baten barruan garatzen da hein handia batean, bi protagonistek eserita ematen dute denbora gehiena) tentsioa mantentzen duena uneoro, umorez zipriztindua eta antzezpen bikainekin (handia zen Walter Matthau). Gainera, pelikula laburra da. (Zergatik dira hain luzeak gaur egungo pelikulak? Palomita gehiago jan ditzagun?).

Esan nahi dudana da, nekez lortuko duela Pelham berriak aurrekoa gainditzea. Trailerra ikusita, ematen du leherketa, su-festa eta tiro ugari erantsi dizkiotela bertsio berriari, ikusle garaikidea harrapatu nahian agian, baina istorioaren soiltasun perfektua hondatuz, ziuraski. Gainera, John Travolta agertzen da, gaizkileen buru gisa.

Eta gaizkileez ari garela, beren izenak ez dira oraingoan Mr. Blue, Mr. Green, Mr. Brown eta Mr. Grey izango.
Quentin Tarantinok erabili zituen izen horiek, omenaldi moduan, Reservoir Dogs bere lehenengo filman.
Ulertzekoa da: Pelham 123 berria ikusten duenak pentsa zezakeen pelikulak Tarantinori egiten diola omenaldia,
eta ez alderantziz.