Teknologia

Gasteizko ikastetxe batean nengoen, Paularen seigarren atzamarra liburuari buruz hitz egiten Lehen Hezkuntzako 4. mailako berrogei ikaslerekin. Idazleak Ikastetxeetan programari esker, askotan ibiltzen naiz eskolaz eskola liburu hori irakurle txikiekin batera jorratzen, beren galderak erantzuten eta iruzkinak aditzen. Eta beti dibertitzen naiz pila bat. Hori bai, badakit eskola guztietako umeak gauza zehatz batzuk jakiteko irrikaz egongo direla.

Lehenik eta behin: Patxi Gallego (liburuan parte hartu zuen marrazkilaria) nire mutil-laguna ote den jakin nahi dute. Bigarrenik: messengerra ote dudan jakin nahi dute (eta hala bada, helbidea eskatu nahiko didate). Hori beti galdetzen didate. Berdin Deustun, Lekeition edo Dulantzin. Nik ezetz erantzun behar diet bi galderei, ume guztiak dezepzionatuz. Patxi Gallego jatorra dela, baina ez garela horretara ailegatu. Eta ni Facebook belaunaldikoa naizela, messengerrekoa baino gehiago.


Batzuek (batez ere neskek) noiztik idazten dudan jakin nahi izaten dute. Horretan ere, egia esaten diet: txikitatik egiten dudala, gutxi gorabehera beren adina nuenetik.

Gasteizko ikastetxe hartan, hori adierazi ostean, mutil batek oso serio galdetu zidan: “Baina nola idazten zenuen garai hartan, ordenagailurik ez bazegoen?”.

Ez ninduen harritu nire haurtzaroa ordenagailurik gabeko aro batean kokatu izanak (nahiz eta gogoratzen dudanetik ordenagailua egon den gure etxean), beraientzat “heldua” bainaiz, ñabardurarik gabe, beste garai batekoa, beraz. Baina ume horren ezintasuna ordenagailurik gabeko idazketa prozesua imajinatzerako orduan… horrek gehiago harritu ninduen.

Zer gertatzen da belaunaldi berriekin? Boligrafo bat zer den ere ahaztu dute? Koaderno hitza ezaguna zaie? Klasean daudela, paper muturretan idatzitako mezutxoen ordez, smsak eta messengerra erabiltzen dute elkarrekin komunikatzeko?

Zahartzen ari naiz horrelakoak galdetzeagatik?

2 comentarios en “Teknologia”

  1. lasai, Katixa, batzuk boligrafuakin edo gabe galtzaile izaten jarraituko due. Gauza batzuk ez dia aldatzen. Boteriak hor segituko du ta esklabuak de bai. Galdera in zizuna oso mutil azkarra da. Hikikomori ejenplarra izango da laster ta autoestiman gorabeherak ta sufritzeko bildurrak eramango due kuartuan entzerratzea. Bizitzak ez baitu pena merezi. Boligrafo bat ze arraio zan ikusteko museo birtualea sartu berko du interneten bidez ta bertan beste hanbait gauza topatuko ditu. Ez du jakingo zer dan oilo edo behi bat, adibidez.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *