Minaren aurreikuspena

Beti saiatzen naiz berandu heltzen dentistarekin ditudan hitzorduetara. Oreka zaila da bilatzen dudana. Ez dut gehiegi atzeratu nahi (dentista haserraraztea besterik ez zitzaidan falta), baina zain egoteak nire onetik ateratzen nau. Beraz, bost minutu berandutzeko ohitura daukat aspalditik. Itxarongelari diodan beldurragatik egiten dut, jakina. Izutzen naute besaulkiek, paretetan zintzilikatutako diplomek eta atzeratutako aldizkari horiek guztiek. Denek hitz bera errepikatzen didate: mina-mina-mina.

Bost minutu berandutzeko estrategiak ez du beti funtzionatzen. Askotan, “pixka bat itxaron beharko duzu” esaten didate horrela ere, eta dardarka jartzen naiz. Eseri eta liburu bat ateratzen dut, baina alferrik. Nire gogo guztia minaren aurreikuspenean jartzen dut, nahi gabe, itxarongelak horretarako balira bezala: mina itxaroteko gelak. Eta ez, Cheever-ek esaten zuen bezala, zeure buruari ipuin bat kontatzeko tokiak, zure heriotza-zigorrerako kontra-aginduaren zain zauden bitartean.

Nik ez dut kontra-agindurik espero: badakit mina egongo dela. Nolakoa izango den zehaztea baino ez zait falta. Zorrotza edo urratzailea, odola aterako zaidan edo negarra eragingo didan (behin dentistak berak sikatu zizkidan malkoak, bere bataren mahukarekin), Ibuprofenoa hartzen ibili beharko ote dudan, hurrengo egunetan. Horrelako fantasia makurrak.

Gero, egia esanda, ez dira ia inoiz nire aurreikuspenak betetzen. Tortura-eserlekuan jesarri, anestesiaren ziztada sentitu (apal-apala egia esanda) eta ahoa irekita mantendu, aurpegi erdia erabat lokartuta daukadan bitartean. Kaxatik pasatu gero, eta ospa. Dentistaren kontsultatik ateratzen naizenean azken begirada bat ematen diot itxarongelari, eta esaten dut: ba, a ze tontakeria. Zergatik ez ote dut itxarongelako denbora liburu bat irakurtzeko aprobetxatu, edo neure buruari ipuin bat kontatzeko? Jakin eta gero, denok jakintsu.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *