Pelham 123

Zinemara joan eta, pelikula hasi aurretik, trailer bat jarri zidaten. Arraroa bazen ere (estreinatu gabeko pelikula baten trailerra zen, azken finean) berehala egin zitzaidan ezaguna. 30. segundoan argi zegoen: nik pelikula hori ikusita nuen, beste aktore eta estetika batekin, hori bai. The Taking of Pelham 123 zen pelikula, eta horrela enteratu nintzen 2009 honetan 1974ko pelikularen remake-a egin behar dutela.

Pelikula originala orain dela gutxi ikusi nuen. Igande gau gogogabe batez telebista piztu eta hasieratik harrapatu nuenean. Berehala liluratu ninduen. Iragarkirik gabe jarri zuen ETB2k, gainera, (txalo bero bat!).

Kontatzen duen istorioa sinplea bezain eraginkorra da. Gaizkile talde batek New Yorkeko metroko tren bat bahitu (Pelham 123 trena, hain zuzen) eta udalari milioi bat dolar eskatzen dio, bahituak banan bana hilko dituzte bestela. Bitartean, hiriko garraio-polizia bat bahitzaileekin irrati bidez komunikatzen da, egoera konpondu nahian.

Pelikula benetako harribitxi bat da, elementu minimoekin (tunel baten barruan garatzen da hein handia batean, bi protagonistek eserita ematen dute denbora gehiena) tentsioa mantentzen duena uneoro, umorez zipriztindua eta antzezpen bikainekin (handia zen Walter Matthau). Gainera, pelikula laburra da. (Zergatik dira hain luzeak gaur egungo pelikulak? Palomita gehiago jan ditzagun?).

Esan nahi dudana da, nekez lortuko duela Pelham berriak aurrekoa gainditzea. Trailerra ikusita, ematen du leherketa, su-festa eta tiro ugari erantsi dizkiotela bertsio berriari, ikusle garaikidea harrapatu nahian agian, baina istorioaren soiltasun perfektua hondatuz, ziuraski. Gainera, John Travolta agertzen da, gaizkileen buru gisa.

Eta gaizkileez ari garela, beren izenak ez dira oraingoan Mr. Blue, Mr. Green, Mr. Brown eta Mr. Grey izango.
Quentin Tarantinok erabili zituen izen horiek, omenaldi moduan, Reservoir Dogs bere lehenengo filman.
Ulertzekoa da: Pelham 123 berria ikusten duenak pentsa zezakeen pelikulak Tarantinori egiten diola omenaldia,
eta ez alderantziz.

2 comentarios en “Pelham 123”

  1. Pelikula originala jaitsita dakat, baina oraindik ez det astirik hartu ikusteko. Tarantinoren bidez jakin nun film horren existentziyaz, eta arrazoi dezu, Katixa, laxter Tony Scott zuzendariyan bertsiyua estrenatuko due. Gaztiantzat originala ta kopian arteko ezberdintasunak ez daka bate garrantziyik, ze orainaldian tiranian bizi dia. Momentua bizi due ta ez due atzea beiratzen (garapenian sinesten baitue ta hortaz mespretxatu in ber da iragana). Animalik bezela botatzen diyoena ikusten due. Nik de gaztia izan nahiko nuke… Azken dragoi bola biltzia bakarrik falta zait nere ametsa egiya bihurtzeko.

    Tarantinoi buruz ai geala Inglorious Basterds Cannesen estrenatuko due hilabete hontan. Izenburua bea ya omenaldi bat da. Tarantinok zinian historiya primeran ezagutzen baitu. Enzo G. Castellari italiarran Aquel maldito tren blindado (1978; Estatu Batuetan Inglorious Bastards bezala itzuli zuen) pelikulai zor diyo.

    Ta etb-2yai esker, Steven Seagal, Lundgren ta konpainian pelikulak ikusteko aukera earra izaten da, bai. Patxi Lopezek plazer hori kendu nahiko digu demokraziyan ta konbibentziyan izenian.

  2. Agian Scorsese-ren “El cabo del miedo” bertsioa salbuespena da, baina “remake” bat egiten denean nekez irabazten dio jatorrizko filmeari, erabat ados nago zurekin Katixa.
    Aio!

Responder a Abruzzi Cancelar respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *