Toxikoak

Denok ezagutzen ditugu horrelako pertsonak. Arrisku oharra eraman beharko lukete lepotik zintzilik. Orain dela gutxi “pertsona toxikoak” etiketa egokitu zaiela jakin izan dut eta izendapen aparta iruditzen zait. Giroa eta aldartea erabat intoxikatzen dutelako, zinez.

Identifikatu ezin nituenean ez nekien zergatik jartzen nintzen hain urduri pertsona toxiko baten ondoan nengoenean, edo zergatik sentitzen nintzen pott eginda berarekin hitz egin ostean. Orain badakit, eta adi nago. Gauza bera egitea gomendatzen dizuet.

Pertsona toxikoek dena ikusten dute ilun, dena ospel. Baina ez hori bakarrik: zuk ere, eta inguruko edozeinek, dena ilun, dena ospel ikusi arte ez dira konformatuko. Eta okerrago dena: manipulazioaren artean maisu edo maistrak izaki, erraz lortu ohi dute beren helburua.

Pertsona toxikoari bizitza honetako erronkarik txikiena ere eskuraezina iruditzen zaio. Hori ezinezkoa da, e-zi-nez-ko-a, ez ezazu ezta saiatu ere egin, esango dizu, porrotaren bidea grafikoki deskribatuz. Ez dira konturatzen zein mespretxatzaile suertatzen diren jokaera horrekin.

Pertsona toxikoei dena ematen die beldurra. Mundua mehatxuz beteriko oihan umela da. Adibidez, etxeko lubakia utzi eta bidaiatzeari ekitea: zoramena! Eta ez dute bidaiatzen. Ondo da. Baina zuk bidaiatzeko asmoa duzula errebelatzen badiozu, eskuak burura eraman, eta bidaia horretan zure zain dauden arrisku guztiak gogoraraziko dizkizu: lapurretak, bortxaketak, gaixotasun tropikalak…

Ezin dute ezer ospatu, ezer ez baita nahikoa beraientzat. Lan berria? Soldata hobeago merezi zuten. Haurdunaldi bat? Buf, ea arazorik gabe datorren. Eta aldi berean, besteek lortzen duten edozein gauzari inbidia diote.

Urrunetik begiratuta, izugarrizko pena ematen dute pertsona toxikoek. Ezingo dute inoiz bizitza honetan disfrutatu (hurrengoa ere ez, seguru asko). Hurbiletik, berriz… hobe gehiegi ez gerturatzea, maskararik gabe behintzat.

6 comentarios en “Toxikoak”

  1. Ilusioz ta gogo betez eman nuen nire izena irakurleen kluba egitasmoan. Literaturarantz jausia emateko asmoz, geldika-geldika, prisa gabe emeki-emeki, baina itxura denez toxiko bihurtu da irakurtzea, letrekiko interesa erakustea. Hobe da beraz, irakurriko ez duzun modako liburu bat besapean eramatea ta itxurakerian aritzea, mozorroak jantzita ibiltzea.
    Geu ere toxiko bihurtu al gara, toxikotasuna gainditzeko?mimesia al da toxikotasunaren aurkako errezeta?Izan gabe izan, izango bazina bezala pasatzeko?
    Batzuok ikasle izaten jarraituko dugu nahizta tituluak izan, anonimoak, toxikoen artean, ardiak otsoen artean, prekarioak lapurren artean, bitartean orwellen begiak barrezka, Leioan ere bai, automata ultra kontserbadoreak psp bihurtuak eta ping.pongean aritzen dira, grabatuak diren plazetan. Irakasleak korrika dabiltza, ikasleak ere bai, bedelak galdezka daude “norako prisa guzti hori” ta idazkari batek gogo gabe erantzuten dizu papel bat falta zaizula.
    Ez al da hezkuntza sistema toxikoa? non daude protesta kartelak? horrek ere espetxean?Party party eta sky..gure etorkizuna?Sofa erosoak ez ginela esaten zuten gazteako singelak, sofan eseritako belaunaldiak, orri txuria dauka bere motxilan, lekunberriko poeta batek abesten duen moduan..autobiolentzia dio sloveniako kultur kritikaria den psikoanalistak, horixe da akaso, guzti honen gakoa, baina idazle klasikoen eremuak hausteak, zer den bapateko zutabe eta bloga ez ezagutzeak, katixa Agirreren libururik irakurri gabe egoteak,izen abizenik ez izateak,
    toxiko bihurtu nau!Kutsatua, zerrenda batzuk bezala,
    toxikoa eguneroko mobileko bateria bezala…graffiti egile batek bezala, undergroundetik datorren tube delakoaren argi liluragarriari ihes egin nahian, hutsa bilatzen, hipermodernitatean.

  2. Onartu bai baina esan didate, ez omen dela quorum nahiko ta, horregatik nioen bezala toxiko bihurtu naute…hemendik jarraitu beharko idazten…aisss

  3. Pertsona toxikoa. Bizidunentzat kaltegarria den pertsona. Gogorra da gero inoren lepotik halakorik esatea. Pertsona orok ditugu aldarte oneko boladak eta bolada jasangaitzak. Hala ere, bolada txar batean dagoen inoren lepotik pertsona toxikoa dela esatea, arazotan dagoenari laguntza ukatzea besterik ez da. Horren gara ahul, gaur egunean, indarrik ere ez dugula ondokoa animatzeko. Horren ordez, gure barne-oreka-ttikia desorekatu dezakeen horri esaten diogu pertsona toxikoa. Utikan, alde nire ingurutik: ni garbia eta orekatua bainaiz, eta, zu, aldiz, toxikoa, desorekatua, besteak desorekatzen dituena, gizarteko galtzailea.

  4. Denok gara, noiz edo noiz, toxiko samarrak; batez ere ilusio bortitzik bizitzeko aukerarik ez dugunean. Baina, zorionez, behin-behineko etiketa besterik ez dela izaten esango nuke, auzoko amargatuaz gain, noski.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *