Mikrofono irekia

Gustuko dut hitzaldi, mahai-ingur eta konferentzietara joatea, hizlariak edo jorratuko diren gaiak interesgarriak izango direla iruditzen bazait. Beldurra diet ekitaldi hauetako amaierei, mikrofonoa publikoaren esku uzten denean, galdera, erregu eta iruzkinetarako irekita.

Elitista alproja! Herriaren hitza horrela mespretxatzea ere! Tarima gainean dagoenari bakarrik eskaini behar al diot nire arreta?

Bada, printzipioz bai. Hitzaldira joatea erabaki badut, hizlariagatik izan da, tarima gainean dagoenagatik, eta ez bertara bildutako publikoagatik. Gerora gerta daitekeela entzuleen artean ere iruzkin aberasgarri eta ñabardura interesgarriak loratzea? Bada, izan daiteke, baina nire esperientziak dio iruzkin abesgarridun jendea isilik geratu ohi dela, eta aldiz, ezer interesgarririk esateko ez duten horiek mikrofonoa bahitzeko joera daukatela. Beren kasu pertsonal bezain txepela kontatzeko. Jorratzen den gaiarekin zerikusirik ez duen parrastada inkoherentea botatzeko. Etxetik aurrefabrikatua ekarri duten iritzia luzatzeko, entzundako ezerk bere iritziarengan inongo eraginik izan ez duela agerian utziz.

Edozein hitzaldi aipa dezaket adibide gisa, baina aipa dezadan Erika Lust zine porno zuzendariak Bilbon orain dela pare bat aste emandakoa. Porno feministarik egon daiteke? Hura zen gaia, eta horren inguruan aritu zen zuzendari suediarra, berak egiten duen pornoa zergatik kontsideratzen duen feminista azalduz: emakumearen gorputza objektibatzen ez duelako, emakumeak ere sexua gustuko duela errebindikatzen duelako… Eta hara non altxatzen den gizon bat aldarrikatzera pornoa ez dela emakumeentzat (gizonezkoentzat bai, haiek ez baitute ohean nahi dutena lortzen –sic-): emakumeek nahiago dituzte gorteiatze jokoa eta fantasia erromantikoak. Ordura arte ezer entzun izan ez balu bezala. Audientziaren osaketa ia guztiz femeninoari erreparatu gabe. Zertarako? Berak ondo zekien emakumeek zer nahi zuten eta ezin izan zion mikrofono irekiaren tentazioari eutsi.

________________________

Erika Lust zuzendariari buruz gehiago jakiteko eta bere pelikulak streaming bitartez ikusteko hemen bere orria.

5 comentarios en “Mikrofono irekia”

  1. Hizlaria, hitzaldiak, entzuleak ta mezua dago ezta?
    Baina beti ez da kontestu berdina(aldakorrak diren eremuetan).Gainera bakoitzak rol desberdina izaten du. Beraz..blogaren sistema ere modu batean mikro irekia da, ni bezalakoek, zure moduko adituen mikro-on hitzaldiaren ostean zerbait eransten dutenak. Akaso, Parrastada bat, baina asko ikasten da behaketan ere. Beste era batera esanda, ez zaizkit eskema zurrunak, norabide bakarrak gustatzen. Maite ditut, distortsioak, sormenerako atea irekitzen ta kitzikatzen dutelako….
    Benga besarkada bat…Kirmen Uriberen liburua irakurtzen nabil, gabonetan zurea erosiko dut…
    Hor nire streapteasea!

  2. hitzaldietan “human behaviour-a” pil-pilean ikusi izan dut nik, bai. batetik, berandu heldu eta atetik gertu dagoen lekuan sekula jarriko ez dena dugu, eserleku hori ez da aproposa berarentzat, pasabide erditik doala, patxada ederrean aukeratuko du bere lekua ala bere laguntxoak bilatuko. gero, galdera eta erreguen unean, pertsona horixe bera da besoa altxatzen lehena eta hala dio: “ba, zertxobait berandu heldu naiz (ordu erdi… zertxobait?) ta igual ia komentatu duzu, baina… zera, blablabla?” orduntxe, altxatu, kopa bat hartu eta sardeskarekin joaz imaginatu dut nire burua. diplomazia osoz esanez: “bai, arrazoi duzu, zu heldu aurretik komentatu du, galdu egin duzu. ze egingo diogu, motel?” baina ez, hizlariak erantzun egingo dio. bada beste bat, hizlaria atzerritarra bada, zuzenean alemanez soilik egingo diona galdera. (aizu! galde zazu lehenik euskeraz ala gazteleraz eta gero alemanez) baina berak tarima gaineko posizio eskisito hortan jarri gura du bere burua…
    pozik itzultzen da etxera: bere tarima-momentuaren oroitzapena eta astebetez poltsan eramango duen triptikotxoarekin.
    kontuz hitzaldietan! pertsonaje sasikulturetak jubilatu eta ikasleon artean kolatzen baitira.

  3. lagun batek kaña eman ostean ixiltzea hobe dela konturatu zirenetakoa nauzu, ta aizu, ixildu nintzenetik sekulako tontakeriak esaten direla ohartu naiz, bide batez tontakeria hoiek nire ahotik irten daitezen ekiditen.

    hala ere, eta hori egin zait interesgarriena, pozten nau euskal blogosfgeran pornoa tratatzeak, horren ezohikoa egiten da hortaz euskeraz irakurtzea…

  4. Grouchok esaten zuen “a veces es mejor callar y parecer imbecil que hablar y eliminar cualquier duda”.

    Baina hitzak barruan geratzen badira zailagoa da heziketa edo hausnarketa egiteko prozesua. Badakit hitzaldi batean oso zaila izango da zerbait irakastea horrelako burugogorrei baina… Nik ikusi dut hizlari batzuei publikoarekin eztabaidatzen eta agian haien buruetan zerbait aldatuko omen zen.

    Esperantzari lekua utzi behar ezta?.

    … bestela atera labana eta hasi lepoak mozten…

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *