Durangoko ajea

Liburuek ajea ematen dutela? Ez nuen ideiarik ere, baina antza denez, hala da. Liburuek ajea ematen dute. Eta kasu eman, Durangon liburu asko daude eta, gehiegi aukeran, eta diskoak eta egutegiak eta Egunkaria Libre dioten kamisetak. E-book-ak ere badaude, horiek ere ajerik emango ote dute? Ezingo nuke halakorik ziurtatu, zaila izan baita horiengana gerturatzea, mundu guztiak nahi zituen esku artean erabili, ukitu, botoitxo guztiei sakatu.


Zeren eta batez ere jendea dago Durangon, jende andana. Euskaldunak, katalanak eta senegaldarrak, besteak beste. Gehienak ezezagunak. Batzuk aspaldiko ezagunak, beste batzuk betiko lagunak. Jendea Barrenkalen. Jendea Goienkalen. Jendea Artekalen (ez hainbeste baina). Umeak eta zaharrak. Kazetariak, editoreak eta hormonautikan adituak. Luther Blisset ere hortik dabil, lehenengoz euskaraz. Zakila baten aurrean eskandalizatzen den jendea. Hori zure liburua dela eta ea sinatzea nahi duen galdetzen diozunean lotsagorritzen den jendea.

Eta jendeak ere ajea ematen dute. Aje goxoa, gehienetan (zorionez). Hitzak, barreak eta berriak buruan gelditzen dira zurrunbiloka. Ez dira apaltzen errazak.

Ados: zerbeza ere badago Durangon. Eta ardoa, bazkalorduan. Gin-tonic bat edo beste, akaso. Baina ajea aurretik aipatutako horren errua da.

Eta azokak ateak ixten dituenean, azken zuritoen txanda dator, eta trena harrapatzeko lasterketatxoak. Eta trenean, azkenean ere, liburuak zabaltzeko aukera dago, musika iPodean jotzeko aukera. Eta trenak aurrera egiten duen bitartean, Atxurirantz, Anarik abesten du: “aurrean biderik ez da, norberak egina ez bada”. Eta Lemoan gelditu denerako, Joan Margarit daukat xuxurlaka, Meettok argitaletxeak eskura jarri digun liburu elebidunaren orrialdeetatik: “Entre els desastres apilats com sacs, la vida m’ha deixat el teu amor”.

Horrela sendatzen da ajea, Atxurirantz doan trenean. Horrela, hurrengo urtera arte.

Un comentario en “Durangoko ajea”

  1. Egia Katixa.
    Jada Durangoko ajearen ajeak pasatutak, gogortsu egin zaigu lan aste laburluze hau.
    Eskerrak, denborari utzita,ez oso luzaroan esperoan, xurgatutako informazioa loratzen hasiko dala eta, hor agertuko direla narrazio, marraz(i)o, ipuin, kontakizun, idazle, ilustratzaile eta proiektu berriren bat.
    ordura arte
    asteburu ona izan

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *