SOS: euskal literatura salbatzeko saria

Pasa den urtean Jon Bilbao nire luma-kideak Erresuma Batuko Bad Sex Awards-en berri eman zigun zutabetxo honetan bertan: Literary Review aldizkariak ingelesez argitaraturiko sexu eszena txarrenari urtero ematen dion saria. Philip Kerrek, Norman Mailerrek eta Tom Wolfek dagoeneko irabazi dute. John Updikek bere karrera osoarengatik jaso zuen saria.

Hona hemen urte berrirako nire proposamen egokitua: egin dezagun gauza bera gure eremu honetan, alegia, euskal literaturaren eremuan. Ez dugu politikarien babesa behar (sari sinbolikoa izan daiteke, afaritxo bat, irabazlearen strip-tease batekin amaituta), ezta kritiko (erlatiboki) handien bedeinkapena ere (internet bidezko botaketaz lor daiteke epaia, Iban Zalduak behin baino gehiagotan proposatu duen Metacritic prozeduraz). Sexu-eszena bat idatzi edo idazten saiatu den edonor izan daiteke hautagai, delako eszena aurreko urtean argitaratua izan den bitartean.

Eta zertarako egin beharko genuke horrelako zerbait? Bada, umorea sustatzeko, erotismoaren hizkera txalotzeko, euskaldunen inguruko topikoen kontra egiteko, oraindik ere (eta gezurra dirudien arren) gure artean dirauten tabuak apurtzeko (eta ez naiz bakarrik sexuari buruz ari) edo Edorta Jimenezek berriki Sautrela saioan aipatutako “Arantzazuren sindromeari” behin-betiko aspirina emateko. Gutxi iruditzen zaizue? (Edorta, antolaketa lanetarako apuntatuko zinateke?)

Sari-banaketaren giro onaren alde gauza batetan amore emateko prest nago, ea zer iruditzen zaizuen: saria euskaraz argitaraturiko sexu eszena txarrenari eman beharrean, sexu eszena onenari eman ahal diogu. Sexu On Saria: SOS.

Zer diozue? Egingo al dugu? Salba genezake horrela euskal literatura? Batek daki, baina ondo pasako dugu, ziur. Has gaitezen bada pasa den urteko euskal liburuak errepasatzen. Non irakurri duzue sexu eszenarik txarrena? Ez, barkatu, onena esan nahi nuen.

4 comentarios en “SOS: euskal literatura salbatzeko saria”

  1. Zurekin, Katixa, zerura era joango nintzake, berdin katolikoen zerua izan zein musulmanena izan. Badirudi, ostera, bigarren horiena gizonezko heterosexuleentzat atseginago prometitzen dutela. Zeure esku. Bide batez, ingelesez daukadan edizioa -goiko liburu horrena- More joy of sex izenekoa da. Lehenengo edizioa gazteleraz erosi eta irakurri nuen. Monogamo hetereoentzakoa. Llabur, bai, antolaketan parte hartzeko prest nago. Sarien banaketa, Arantzazun. Hantxe idatzi eta irakurri nuen nire lehenengo sonetoa: Arantzazu, Euskal Golgota. Soneto pornoa. Testiguak dagoz. Zelan izan zen, beste batean.

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *