SOS: euskal literatura salbatzeko saria

Pasa den urtean Jon Bilbao nire luma-kideak Erresuma Batuko Bad Sex Awards-en berri eman zigun zutabetxo honetan bertan: Literary Review aldizkariak ingelesez argitaraturiko sexu eszena txarrenari urtero ematen dion saria. Philip Kerrek, Norman Mailerrek eta Tom Wolfek dagoeneko irabazi dute. John Updikek bere karrera osoarengatik jaso zuen saria.

Hona hemen urte berrirako nire proposamen egokitua: egin dezagun gauza bera gure eremu honetan, alegia, euskal literaturaren eremuan. Ez dugu politikarien babesa behar (sari sinbolikoa izan daiteke, afaritxo bat, irabazlearen strip-tease batekin amaituta), ezta kritiko (erlatiboki) handien bedeinkapena ere (internet bidezko botaketaz lor daiteke epaia, Iban Zalduak behin baino gehiagotan proposatu duen Metacritic prozeduraz). Sexu-eszena bat idatzi edo idazten saiatu den edonor izan daiteke hautagai, delako eszena aurreko urtean argitaratua izan den bitartean.

Eta zertarako egin beharko genuke horrelako zerbait? Bada, umorea sustatzeko, erotismoaren hizkera txalotzeko, euskaldunen inguruko topikoen kontra egiteko, oraindik ere (eta gezurra dirudien arren) gure artean dirauten tabuak apurtzeko (eta ez naiz bakarrik sexuari buruz ari) edo Edorta Jimenezek berriki Sautrela saioan aipatutako “Arantzazuren sindromeari” behin-betiko aspirina emateko. Gutxi iruditzen zaizue? (Edorta, antolaketa lanetarako apuntatuko zinateke?)

Sari-banaketaren giro onaren alde gauza batetan amore emateko prest nago, ea zer iruditzen zaizuen: saria euskaraz argitaraturiko sexu eszena txarrenari eman beharrean, sexu eszena onenari eman ahal diogu. Sexu On Saria: SOS.

Zer diozue? Egingo al dugu? Salba genezake horrela euskal literatura? Batek daki, baina ondo pasako dugu, ziur. Has gaitezen bada pasa den urteko euskal liburuak errepasatzen. Non irakurri duzue sexu eszenarik txarrena? Ez, barkatu, onena esan nahi nuen.

Durangoko ajea

Liburuek ajea ematen dutela? Ez nuen ideiarik ere, baina antza denez, hala da. Liburuek ajea ematen dute. Eta kasu eman, Durangon liburu asko daude eta, gehiegi aukeran, eta diskoak eta egutegiak eta Egunkaria Libre dioten kamisetak. E-book-ak ere badaude, horiek ere ajerik emango ote dute? Ezingo nuke halakorik ziurtatu, zaila izan baita horiengana gerturatzea, mundu guztiak nahi zituen esku artean erabili, ukitu, botoitxo guztiei sakatu.


Zeren eta batez ere jendea dago Durangon, jende andana. Euskaldunak, katalanak eta senegaldarrak, besteak beste. Gehienak ezezagunak. Batzuk aspaldiko ezagunak, beste batzuk betiko lagunak. Jendea Barrenkalen. Jendea Goienkalen. Jendea Artekalen (ez hainbeste baina). Umeak eta zaharrak. Kazetariak, editoreak eta hormonautikan adituak. Luther Blisset ere hortik dabil, lehenengoz euskaraz. Zakila baten aurrean eskandalizatzen den jendea. Hori zure liburua dela eta ea sinatzea nahi duen galdetzen diozunean lotsagorritzen den jendea.

Eta jendeak ere ajea ematen dute. Aje goxoa, gehienetan (zorionez). Hitzak, barreak eta berriak buruan gelditzen dira zurrunbiloka. Ez dira apaltzen errazak.

Ados: zerbeza ere badago Durangon. Eta ardoa, bazkalorduan. Gin-tonic bat edo beste, akaso. Baina ajea aurretik aipatutako horren errua da.

Eta azokak ateak ixten dituenean, azken zuritoen txanda dator, eta trena harrapatzeko lasterketatxoak. Eta trenean, azkenean ere, liburuak zabaltzeko aukera dago, musika iPodean jotzeko aukera. Eta trenak aurrera egiten duen bitartean, Atxurirantz, Anarik abesten du: “aurrean biderik ez da, norberak egina ez bada”. Eta Lemoan gelditu denerako, Joan Margarit daukat xuxurlaka, Meettok argitaletxeak eskura jarri digun liburu elebidunaren orrialdeetatik: “Entre els desastres apilats com sacs, la vida m’ha deixat el teu amor”.

Horrela sendatzen da ajea, Atxurirantz doan trenean. Horrela, hurrengo urtera arte.

Mikrofono irekia

Gustuko dut hitzaldi, mahai-ingur eta konferentzietara joatea, hizlariak edo jorratuko diren gaiak interesgarriak izango direla iruditzen bazait. Beldurra diet ekitaldi hauetako amaierei, mikrofonoa publikoaren esku uzten denean, galdera, erregu eta iruzkinetarako irekita.

Elitista alproja! Herriaren hitza horrela mespretxatzea ere! Tarima gainean dagoenari bakarrik eskaini behar al diot nire arreta?

Bada, printzipioz bai. Hitzaldira joatea erabaki badut, hizlariagatik izan da, tarima gainean dagoenagatik, eta ez bertara bildutako publikoagatik. Gerora gerta daitekeela entzuleen artean ere iruzkin aberasgarri eta ñabardura interesgarriak loratzea? Bada, izan daiteke, baina nire esperientziak dio iruzkin abesgarridun jendea isilik geratu ohi dela, eta aldiz, ezer interesgarririk esateko ez duten horiek mikrofonoa bahitzeko joera daukatela. Beren kasu pertsonal bezain txepela kontatzeko. Jorratzen den gaiarekin zerikusirik ez duen parrastada inkoherentea botatzeko. Etxetik aurrefabrikatua ekarri duten iritzia luzatzeko, entzundako ezerk bere iritziarengan inongo eraginik izan ez duela agerian utziz.

Edozein hitzaldi aipa dezaket adibide gisa, baina aipa dezadan Erika Lust zine porno zuzendariak Bilbon orain dela pare bat aste emandakoa. Porno feministarik egon daiteke? Hura zen gaia, eta horren inguruan aritu zen zuzendari suediarra, berak egiten duen pornoa zergatik kontsideratzen duen feminista azalduz: emakumearen gorputza objektibatzen ez duelako, emakumeak ere sexua gustuko duela errebindikatzen duelako… Eta hara non altxatzen den gizon bat aldarrikatzera pornoa ez dela emakumeentzat (gizonezkoentzat bai, haiek ez baitute ohean nahi dutena lortzen –sic-): emakumeek nahiago dituzte gorteiatze jokoa eta fantasia erromantikoak. Ordura arte ezer entzun izan ez balu bezala. Audientziaren osaketa ia guztiz femeninoari erreparatu gabe. Zertarako? Berak ondo zekien emakumeek zer nahi zuten eta ezin izan zion mikrofono irekiaren tentazioari eutsi.

________________________

Erika Lust zuzendariari buruz gehiago jakiteko eta bere pelikulak streaming bitartez ikusteko hemen bere orria.

Toxikoak

Denok ezagutzen ditugu horrelako pertsonak. Arrisku oharra eraman beharko lukete lepotik zintzilik. Orain dela gutxi “pertsona toxikoak” etiketa egokitu zaiela jakin izan dut eta izendapen aparta iruditzen zait. Giroa eta aldartea erabat intoxikatzen dutelako, zinez.

Identifikatu ezin nituenean ez nekien zergatik jartzen nintzen hain urduri pertsona toxiko baten ondoan nengoenean, edo zergatik sentitzen nintzen pott eginda berarekin hitz egin ostean. Orain badakit, eta adi nago. Gauza bera egitea gomendatzen dizuet.

Pertsona toxikoek dena ikusten dute ilun, dena ospel. Baina ez hori bakarrik: zuk ere, eta inguruko edozeinek, dena ilun, dena ospel ikusi arte ez dira konformatuko. Eta okerrago dena: manipulazioaren artean maisu edo maistrak izaki, erraz lortu ohi dute beren helburua.

Pertsona toxikoari bizitza honetako erronkarik txikiena ere eskuraezina iruditzen zaio. Hori ezinezkoa da, e-zi-nez-ko-a, ez ezazu ezta saiatu ere egin, esango dizu, porrotaren bidea grafikoki deskribatuz. Ez dira konturatzen zein mespretxatzaile suertatzen diren jokaera horrekin.

Pertsona toxikoei dena ematen die beldurra. Mundua mehatxuz beteriko oihan umela da. Adibidez, etxeko lubakia utzi eta bidaiatzeari ekitea: zoramena! Eta ez dute bidaiatzen. Ondo da. Baina zuk bidaiatzeko asmoa duzula errebelatzen badiozu, eskuak burura eraman, eta bidaia horretan zure zain dauden arrisku guztiak gogoraraziko dizkizu: lapurretak, bortxaketak, gaixotasun tropikalak…

Ezin dute ezer ospatu, ezer ez baita nahikoa beraientzat. Lan berria? Soldata hobeago merezi zuten. Haurdunaldi bat? Buf, ea arazorik gabe datorren. Eta aldi berean, besteek lortzen duten edozein gauzari inbidia diote.

Urrunetik begiratuta, izugarrizko pena ematen dute pertsona toxikoek. Ezingo dute inoiz bizitza honetan disfrutatu (hurrengoa ere ez, seguru asko). Hurbiletik, berriz… hobe gehiegi ez gerturatzea, maskararik gabe behintzat.

Pickford txikia

Gaur bezalako egun batez, 1979ko maiatzaren 29an, Mary Pickford izenaz gogoratzen dugun aktore eta zinegilea zendu zen.

87 urte zeuzkan, zimurrez beteta egongo zen seguru, eta hala ere Mary Pickford-ek ez zion inoiz neskatila bat izateari utzi. Hamabost urterekin bere jaioterriari agur esan (Torontokoa zen izatez) eta New Yorkera egin zuen alde. Garai hartan Hollywood sortzeke zegoen, eta zine industria etxe orratzen artean garatzen zen.

Gladys Smith glamourrik gabeko izena atzean utzi eta hamasei urterekin bere lehenengo pelikula mutua egin zuen, David Wark Griffith-en zuzendaritzapean. “Hau zortea nirea!” pentsatuko zuen neskatilak. Noski, Gladys Smith-ek ez zekien hurrengo hogei urtetan paper bera errepikatzera mugatu beharko zuela: neskatila inozentea eta samurra, gizon ausart bati esker arriskutik libratuta, azken minutuan beti.


1925. urtean, Photoplay aldizkariak hurrengo galdera luzatu zien bere irakurleei: Zein paperetan ikusi nahiko zenuke Mary Pickford? Erantzunak argigarriak dira: Heidi, Errauskine, Alice lurralde miresgarrian, Txanogorritxu… Etsipenez hartu zituen Pickford-ek iradokizunok: dagoeneko 32 urte zeuzkan, baina garaiera txikikoa zen, eta ile-kiribilek ume itxura ematen zioten.

Zeren eta, nork esan du baten adina barne-izpirituak baldintzatuta dagoela? Ez, lagunok, besteek nola ikusten gaituzten, adin hori daukagu. Pickford neskatila bihozbera bat zen, Amerikako sweetheart txikia. Urteek aurrera egiten zutela? Pickford emakume bilakatu, eta behin baino gehiagotan dibortziatzen zela? United Artists zine-konpainia sortu eta eta produktore ahalguztiduna bihurtzen zela? Hori publikoari bost axola zitzaion. Ile-kiribilak moztu eta neskatila inozoaren paperetik atera zen aldi bakanetan, porrota baino ez zuen dastatu.

1933. urtean egin zuen bere azken pelikula. Ondoren depresioa, isolamendua eta alkoholismoa. Gogorra baita neskatila tolesgabea izatea betiko.

Krisia mahai-inguruan

Krisi garaia bizi dugula gauza askorengatik jakin daiteke. Supermerkatuan, babybel bola-gaztari giltzarrapoa jarri diotelako, adibidez.

Lagunarteko bazkari batean ere igarri daiteke, bestela. Batez ere mahaia horrela banatzen denean. Alde batean ingeniariak eta arkitektoak, guztiak ere hurrengo egoera hauetako batean: a) langabezian geratu berriak, b) ostiraletan jai-jai lan erregulazio espediente bati esker edo c) kontratua noiz bukatuko zain, jakinda ez dela berriztapenik egongo. Autonomoren bat edo beste ere badago, ogia zatitzen ari den hori, hain zuzen. Jarraitzen du autonomoak gizarte segurantzako kuota ordaintzen, baina diru-sarrerarik gabe ez daki epe-luzean alta emanda jarraitu ahalko duen.

Ingeniari eta arkitekto horiek, orain dela hamar urte, penaren penaz begiratzen zieten elektronika, mekanika edo diseinu industriala ikasi beharrean letretako karrera bat aukeratu zuten lagunei. Fakultatetik INEMera zuzenean, pentsatzen zuten. Azterketa garai gorrienetan, kontsolamendu gisa erabiltzen zituzten letretatik joandako bere lagun gizajo horiek. Ni izorratuta nago orain, baina gero besteek egingo dute negar.

Eta non daude lagun horiek? Magisteritza, psikologia eta filologia ikasi zutenak? Bada, mahaiaren bestaldean, ingeniari eta arkitektoen aieneak entzunez, ardoa lasai edanez, gehienek ere hezkuntzan egiten baitute lan, eta hezkuntza sistemaren kolapsorik ezin delako oraindik aurreikusi. Postreak ailegatu direnerako, ingeniari horietako batzuk interesatuta daude hezkuntzan (bat-bateko bokazioa! miraria!), tituluei buruz galdetzen diete mahaiaren bestaldekoei, egutegiari begiratzen diote gero, unibertsitateko edo bigarren hezkuntzako zerrendak noiz zabalduko diren jakin nahian.Eta patxarana korritzen hasi denerako, lagunartea erabat adiskidetuta dago. Letren eta zientzien arteko borroka betiko ahaztuta.

Betiko, edo krisialdia bukatzen den arte behintzat.

Pelham 123

Zinemara joan eta, pelikula hasi aurretik, trailer bat jarri zidaten. Arraroa bazen ere (estreinatu gabeko pelikula baten trailerra zen, azken finean) berehala egin zitzaidan ezaguna. 30. segundoan argi zegoen: nik pelikula hori ikusita nuen, beste aktore eta estetika batekin, hori bai. The Taking of Pelham 123 zen pelikula, eta horrela enteratu nintzen 2009 honetan 1974ko pelikularen remake-a egin behar dutela.

Pelikula originala orain dela gutxi ikusi nuen. Igande gau gogogabe batez telebista piztu eta hasieratik harrapatu nuenean. Berehala liluratu ninduen. Iragarkirik gabe jarri zuen ETB2k, gainera, (txalo bero bat!).

Kontatzen duen istorioa sinplea bezain eraginkorra da. Gaizkile talde batek New Yorkeko metroko tren bat bahitu (Pelham 123 trena, hain zuzen) eta udalari milioi bat dolar eskatzen dio, bahituak banan bana hilko dituzte bestela. Bitartean, hiriko garraio-polizia bat bahitzaileekin irrati bidez komunikatzen da, egoera konpondu nahian.

Pelikula benetako harribitxi bat da, elementu minimoekin (tunel baten barruan garatzen da hein handia batean, bi protagonistek eserita ematen dute denbora gehiena) tentsioa mantentzen duena uneoro, umorez zipriztindua eta antzezpen bikainekin (handia zen Walter Matthau). Gainera, pelikula laburra da. (Zergatik dira hain luzeak gaur egungo pelikulak? Palomita gehiago jan ditzagun?).

Esan nahi dudana da, nekez lortuko duela Pelham berriak aurrekoa gainditzea. Trailerra ikusita, ematen du leherketa, su-festa eta tiro ugari erantsi dizkiotela bertsio berriari, ikusle garaikidea harrapatu nahian agian, baina istorioaren soiltasun perfektua hondatuz, ziuraski. Gainera, John Travolta agertzen da, gaizkileen buru gisa.

Eta gaizkileez ari garela, beren izenak ez dira oraingoan Mr. Blue, Mr. Green, Mr. Brown eta Mr. Grey izango.
Quentin Tarantinok erabili zituen izen horiek, omenaldi moduan, Reservoir Dogs bere lehenengo filman.
Ulertzekoa da: Pelham 123 berria ikusten duenak pentsa zezakeen pelikulak Tarantinori egiten diola omenaldia,
eta ez alderantziz.

Minaren aurreikuspena

Beti saiatzen naiz berandu heltzen dentistarekin ditudan hitzorduetara. Oreka zaila da bilatzen dudana. Ez dut gehiegi atzeratu nahi (dentista haserraraztea besterik ez zitzaidan falta), baina zain egoteak nire onetik ateratzen nau. Beraz, bost minutu berandutzeko ohitura daukat aspalditik. Itxarongelari diodan beldurragatik egiten dut, jakina. Izutzen naute besaulkiek, paretetan zintzilikatutako diplomek eta atzeratutako aldizkari horiek guztiek. Denek hitz bera errepikatzen didate: mina-mina-mina.

Bost minutu berandutzeko estrategiak ez du beti funtzionatzen. Askotan, “pixka bat itxaron beharko duzu” esaten didate horrela ere, eta dardarka jartzen naiz. Eseri eta liburu bat ateratzen dut, baina alferrik. Nire gogo guztia minaren aurreikuspenean jartzen dut, nahi gabe, itxarongelak horretarako balira bezala: mina itxaroteko gelak. Eta ez, Cheever-ek esaten zuen bezala, zeure buruari ipuin bat kontatzeko tokiak, zure heriotza-zigorrerako kontra-aginduaren zain zauden bitartean.

Nik ez dut kontra-agindurik espero: badakit mina egongo dela. Nolakoa izango den zehaztea baino ez zait falta. Zorrotza edo urratzailea, odola aterako zaidan edo negarra eragingo didan (behin dentistak berak sikatu zizkidan malkoak, bere bataren mahukarekin), Ibuprofenoa hartzen ibili beharko ote dudan, hurrengo egunetan. Horrelako fantasia makurrak.

Gero, egia esanda, ez dira ia inoiz nire aurreikuspenak betetzen. Tortura-eserlekuan jesarri, anestesiaren ziztada sentitu (apal-apala egia esanda) eta ahoa irekita mantendu, aurpegi erdia erabat lokartuta daukadan bitartean. Kaxatik pasatu gero, eta ospa. Dentistaren kontsultatik ateratzen naizenean azken begirada bat ematen diot itxarongelari, eta esaten dut: ba, a ze tontakeria. Zergatik ez ote dut itxarongelako denbora liburu bat irakurtzeko aprobetxatu, edo neure buruari ipuin bat kontatzeko? Jakin eta gero, denok jakintsu.

Haendelen flema

Georg F. Haendel bere oratoriorik famatuena zuzentzen zuen bitartean hil zen, alegia, Mesias zuzentzen zuen bitartean. Lehenengo aldiz adierazpen hori entzun nuenean gehiegikeria iruditu zitzaidan edo, besterik gabe, legenda.

Gerora apur bat informatu eta hala zen: gehiegikeria hutsa. Haendelek Mesias zuzentzen zuen bitartean alditxartu eta konortea galdu zuen. Hori bai. Baina ez zen bertan hil. Etxera eraman zuten, ohera, eta sei egunen buruan hil zen. Orain dela 250 urteko apirilaren 14ean, hain zuzen ere.


Berak Ostiral Santu batez hiltzea zuen desio, baina gorputzak egun bat gehiago eutsi nahi, 1759ko Larunbat Santura arte. 74 urte zituen, batere osasungarriak ez ziren elikadura-ohiturak eta hamaika konposizioren aitatasuna bere curriculumean, batez ere oratorio eta operak.

Gaur Alemania deitzen dugun lur zati horretan jaio zen Haendel, baina 38 urterekin Ingalaterrara jo eta britainiartasuna besarkatu zuen debozioz. Ingelesek ere beso-zabalik hartu zuten musikaria Rinaldo operaren arrakastaren ostean. Londreseko Mayfair auzoan zuen etxean. Gaur egun, museoa da.

Haendelen ohea
Haendelen ohea

Westminster abadiako bere hilobia ere bisitatu daiteke. Hor deskantsatzen du, Isaac Newton, Charles Dickens, Laurence Olivier eta Henry Purcell bezalako pertsonai txit britainiarrekin batera.

Behin Mesias-en saio batean egon nintzen, Ingalaterrako katedral batean. Momentu berezia, oso britainiarra, errituala ia. Publikoak ondo ezagutzen zuen obra, eta bazekin noiz zutitu: Hallelujah koroa hasi aurretik. George IIak hasitako ohitura hori zorrozki jarraitzen da gaur egun ere. (Batzuek diote hankak nekatuta zituelako altxatu zela erregea momentu horretan bertan. Berdin da, ohitura barregarriagoak dituen herri batetik nentorren.) Beraz, neu ere batu nintzaien. Han nengoen, zutunik eta serios koroak and he shall reign for ever and ever abesten zuen bitartean.


Batzuetan maitagarria da zinez flema britainiarra. Eta kutsagarria.

eBooka metroan

Neska bat ikusi dut metroan. Irakurtzen ari da, kontzentratuta. Liburu elektronikoa du esku artean. Arrotz samarra egin zait irudia. Zintzoki hitz eginda: ez zait gustatu. Baina hasieran, ez dut zergatia ulertu. Izan ere, ez naiz teknofoboa batere. Liburu elektronikoa hedatu egiten bada, liburu zerrenda zabala eskaintzen badu, prezioz eskuragarria baldin bada… nik ere erabiliko dut, noski. Paperezko liburuaren ordezko gisa baino, paperezko liburuaren osagarri moduan.

Orduan, zergatik nire ezinegona, liburu elektronikoa irakurtzen zuen neskaren aurrean?


Berehala ohartu nintzen. Liburu elektronikoak ez duenez karkasa aldatzen, ezin nuen jakin neska zer ari zen irakurtzen. Eta horrek amorratu egiten nau pixka bat.

Jendeak irakurtzen duenari erreparatzeko joera daukat. Izenburua ikusgai ez badago perspektiba desberdinak probatzen ditut, izenburua harrapatu arte. Obserbazio soziologiko-literarioa. Gogoan daukat, duela bost urte-edo, Madrileko metroko bagoi bakar batean bederatzi Da Vinci Kode zenbatu nituela. Eta pozik ematen zuten irakurle horiek: klub sekretu bateko kide-edo.

Baina are gehiago gustatzen zait horrelako paisaia monotonoan bestelako liburuetan sartuta dagoen jendea topatzea. Hara hor norbait Madame Bovary irakurtzen, edo Vila-Matasen azkena, edo Isaac Rosaren El Vano Ayer eleberri zoragarria. Eta horko zoro hori ez al dabil ba poesia irakurtzen? Eta beste hori Simon de Beauvoir-en memoria liburua!

Ondo etortzen dira horrelakoak. Ez dakit ispilu-neuronen errua izango ote den, edo inbidia hutsa, baina bagoietan ikusitako titulu horietako askok irakurtzeko gogoa piztu izan didate.

Bukatzear dago hau guztia liburu elektronikoaren hedatzearekin?