Erasmus zutabe bat

(modari jarraituz)

Imajinatu Erasmus beka batekin zaudela Ingalaterrako hiri txiki batean, eta bat-batean, zure postontzian, karrerako lehenengo urtean zure irakasle izandako bati zuzenduriko gutun bat topatzen duzula. Edonor zur eta lur uzteko modukoa, ezta?


Ba horixe bera gertatu zaio kazetaritza ikasle bati, berriki. Berari zuzenduta ez dagoen eskutitz bat postontzian. Hartzailearen izena ezaguna zaio, hala ere. Eta azkenik konturatu da, buruari pare bat buelta eman ostean: “hau ez al zen ba lehenengo mailan Publizitate irakasle izan nuen hura?”

Irakasle ohi horrekin kontaktuan jartzea erabaki du, arakatu du Interneten, lortu du irakaslearekin kontaktu modua, Facebook sareari esker, eta mezu bat idatzi dio, gutunaren afera kontatuz.

Neu ere geratu naiz zur eta lur ikasle honen mezua jaso dudanean. Lehenengo mailan izan nuen ikasle gisa, eta orain, laugarren mailan dagoelarik, nire destino berean dago, nire postontzia erabiliz, nire esperientziak (edo antzekoak) bizitzen. Hori suertea berea!

Berehala erantzun diot, esanez baietz, berak suposatu bezala, ni ere Erasmus beka batekin egon nintzela leku horretan bertan, laugarren mailan nengoenean hain zuzen ere, eta antza denez egoitza berean hartu dugula ostatua. Gutun hori zertaz zihoan galdetu diot gero, kuriositatez beterik (gutun bat niretzat, zazpi urteren bueltan?), baina berak erantzun dit ez dakiela, berarentzat ez zela konturatuta, berehala itzuli zuela (nik ez nuke horrelakorik egingo, baina tira).

Kointzidentzia txiki bat baino ez da, baina grazia handia egin dit. Gutuna trenbide konpainiaren propaganda edo antzeko kalamatrika baino ez zela izango kontuan hartuta ere, polita da zu dagoeneko ez zauden tokian oraindik gutunak jasotzen dituzula jakitea. Ingalaterrako hiri horretatik ez naizela guztiz joan gogorarazi dit. Eta hala da, dudarik gabe.

Erromesaldia

Liburu berria atera dudala eta, ekin diot hedabidez hedabide egin behar den erromesaldiari. Pelegrinazioa, antropologia erlijiosoak adierazten digun moduan, fenomeno unibertsala da. Musulmanek Meka daukate, katolikoek Santiago, juduek Jerusalem. Idazleei esaten zaie irrati publiko, eskualdeko kazeta edo tokian tokiko telebistaz telebista ibiltzea liburuaren onerako dela. Eta idazleok sinetsi, nonbait. Fede profesa kontua, erromesaldietan bezalaxe.
Hasieran ilusioa egiten du. Amari ere esaten diozu. Asteko seigarren elkarrizketatik aurrera ordea, nekadura baina ez da sentitzen, eta amak ere gaizki hartuko du berriro irratia pizteko mandatua. Baina aurrera jarraitzen dugu, hurrengo bihurgunearen ostean gure Monte do Gozo partikularra agertuko delakoan.



Otsail honetan, zorionez, ez nago bakarrik bide honetan. Etxera ailegatzen naizenean, telebista piztu eta hortxe ikusten ditut gure politikariak. Haiek ere beren erromesaldi propioan, mitin batetik elkarretaratze batera, telebistan ordu batean, irratian hurrengoan, beti keinuak egiten kameren aurrean, on the road, gelditu gabe. Eta nolabaiteko sinpatia sentitzen dut. Imajinatzen ditut telebista bateko makillajea kentzen dutenerako mitin baterako prestatu beharko dutela, eta haiei ere granoak agertuko zaizkiela makillajea eta desmakillantea hainbestetan erabiltzeagatik.

Diferentziak egon badaude, noski: idazle batek ez dizu inoiz siesta lehertuko megafono ibiltari batekin.

Baina funtsean parametro antzekoetan mugitzen gara.

Nik? Ez, nik ez. Nik ez dut liburu bat erosten medioetan askotan aipatzen dutelako, edo idazlearen ahotsa erakargarria zaidalako irratian. Ezta pentsatu ere: nik ez diot botoa ematen irribarre politena daukan politikariari. Ezta zuek ere, seguru.

Baina neuromarketing adituek diote gure erabakien %15a bakarrik direla arrazionalak. Alegia, zerbaitengatik egiten dugula aurrera erromesaldi irrazional honetan.

Swing apur bat eta pintxo ugari

*Berriarako idatzitako kronika mitineroa.

Mitina edo «lehendakariaren ekitaldia/gerturaketa» (sic) Guggenheim aurreko zabalgunean da, eta ni okerrenaren esperoan abiatu naiz hara. Iluntzeko zazpi eta erdietan hasten da EAJren ekitaldia, eguzkitsua izan den baina dagoeneko tenperatura gasteiztarrak parekatzen hasi den astearte bilbotar honetan. Izoztuta eta zutik egon beharko dut, takoiekin gainera, esku batekin oharrak hartzen saiatzen naizen bitartean. Oharrak hartzeari utzi eta noizean behin txalo egin beharko dudala ere bururatzen zait, eskuak berotu aldera, noski, baina kazetari suposatzen zaien inpartzialtasunaren aurka eginez modu argian.

Baina ez, nire beldurrek ez dute fundamenturik batere. Museo aurreko zabalgunean karpa bat dago, barruko fokoek giroa epeltzen dute, eta «kazetaria» naizela aldarrikatu dudanean, agertokiaren eskuinaldean dagoen mahaiak erakutsi dizkidate. Eseri egin naiz, atera dut nire libreta (profesional itxura emateko) eta itxarotera jarri naiz, inguruari begira. Jazz talde batek Axuri Beltza kantaren bertsio swingdun bat eskaintzen digu. Prentsa arduradun bat gerturatu zait orduan, eta «laguntzeko dokumentazioa» deitu duen txosten bat entregatu dit. Sabin Etxetik dator zuzenean, eta ekitaldia/gerturaketa honetan jazoko denaren berri ematen du, lehenaldian idatzita gainera: ekitaldian ez dakit nor egon zen, ez dakit nork hitz egin zuen… zertarako etorri gara, orduan? Benetan ez nekien kazetarien lana hain erraza eta erosoa zenik. Halako batean zerbitzariak ere ikusi ditut, beltzez jantzita eta mahai altuak txukuntzen: pintxoak eta ardoa, esan dut neure baitarako, EBBren prentsa bulegoak bezala nik ere nire iragarpen zehatzetarako boterea baliatuz.

Zazpi eta erdiak dira. Puntual dator Ibarretxe. Jendea urduritu delako jakin dut. Agertokiko pantailan ikus ditzaket lehendakariarengana gerturatzen diren emakume guztiak. Argazkiak nahi dituzte berarekin, George Clooney arabarra nonbait.

Fan guztiak gainetik kendu dituenean, agertokira igo da Iñigo Urkullurekin batera. Urkulluren gorbata bat dator agertokiaren atrezzoarekin: dena da berdea. Musika taldeak Agur, Jaunak jo du, swing ukitua galdu gabe. Izaskun Bilbao da oinarekin erritmoa ondo daraman bakarra. Isildu egin da gero karpa osoa. Gorbata berdedunak ekin dio. Musikarientzat izan du lehenengo hitza: EAE, Nafarroa eta Iparraldeko musikariek osatzen dute gaurko taldea, saldo exotikoa dudarik gabe. Bitartean, Ibarretxek kazetarion aldera begiratu eta agur egin digu eskuarekin, banan-banan, ohitura duen bezala.

Urkullu aspergarria da. Erdizka baino ez ditut jarraitzen haren hitzak. Guggenheim duela hizpide uste dut, «modernitatearen totema», «ekonomiaren traktorea» eta «titaniozko aldaketa sakona» aipatu baititu.

EBBko buruaren hitzek kulunkatuta, publikoari begira geratu naiz: Ardanza, Atutxa, Zenarrutzabeitia, Josu Jon, Iñako EHUko errektore ohia… denak zutik, eta ni eserita. Urkulluk titaniozko gezi bat zuzendu dio Patxi Lopezi: ondo ulertu badut, Urkulluren aburuz Patxi Lopezen asmoa Guggenheim museoa lurrarekin berdintzea da. Lortzen ez badu, proiektu kulturalaren izen ona zikintzearekin konformatuko da. Isildu egin da azkenik gure Iñigo.

Konpromiso bat hartuz hasi du Ibarretxek bere mintzaldia: kanpaina bukatu aurretik Izaskun Bilbaorekin Simon&Garfunkel-en Bridge Over Troubled Waters dantzatuko du.

Orain arte sekula egin ez dudana onartuko dut: Ibarretxek badu karisma apur bat. Badaki seduzitzen. Euskaraz ari denean ere, sinesgarria eta konbentzitua ematen du. Gorputzak laguntzen dio. Aurpegiaren kolorea aldatuz doa, zuritik gorrira, gorritik berdera, gai bakoitza lagunduz. Etxea aipatu du, baina ez Kepa Junkeraren diskoa, ezta Habitat liburua ere, baizik eta bere etxea. Ajuria Enea, pentsatu dut nik. Ez ba: Euskadi omen da bere etxe bakarra. Itxaropena ere aipatu du, bere karteletako obamaniak hartuta. Datu ekonomikoak eman ditu: makina bat eta guztiak buruz (txalo mental bat, nire partetik). Ingelesez ere egin du: local moves the world. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna izan du hizpide: gizartearen proiekturik garrantzitsuena, dudarik gabe (txalo zaparrada). Txema Agirre ekarri du gogora, ETAk eraila Guggenheim museoaren inaugurazio egunean. «ETA kanpora» esanez bukatu du bere saioa.

Aurkezlearen esanetan orain hasiko da benetako «gerturaketa». Eta zerbitzariak martxan ikusi ditut. Eta hunkitu egin naiz. Benetako kazetariak ordenagailu eta edizio-mahai mugikorrekin lanean utzi ditut, eta nire benetako izaera agerrarazi dut. Kopa bat ardo lehenik, bakailao, urdaiazpiko eta langostino pintxoak gero. Inongo lotsarik gabe. Mundu guztia koadrilatxoetan bildurik dago. Ni, ordea, kopa ardo eta pintxoen bakardade goxoan. Bakarrik dagoen morroi baten eskuinaldean kokatu naiz, estrategikoki kokatu ere. Atutxaren bizkartzaina da, eta pintxo erretiluek ez diote inongo zirrararik pizten. Hobe horrela: pintxo gehiago niretzako.