SOS: euskal literatura salbatzeko saria

Pasa den urtean Jon Bilbao nire luma-kideak Erresuma Batuko Bad Sex Awards-en berri eman zigun zutabetxo honetan bertan: Literary Review aldizkariak ingelesez argitaraturiko sexu eszena txarrenari urtero ematen dion saria. Philip Kerrek, Norman Mailerrek eta Tom Wolfek dagoeneko irabazi dute. John Updikek bere karrera osoarengatik jaso zuen saria.

Hona hemen urte berrirako nire proposamen egokitua: egin dezagun gauza bera gure eremu honetan, alegia, euskal literaturaren eremuan. Ez dugu politikarien babesa behar (sari sinbolikoa izan daiteke, afaritxo bat, irabazlearen strip-tease batekin amaituta), ezta kritiko (erlatiboki) handien bedeinkapena ere (internet bidezko botaketaz lor daiteke epaia, Iban Zalduak behin baino gehiagotan proposatu duen Metacritic prozeduraz). Sexu-eszena bat idatzi edo idazten saiatu den edonor izan daiteke hautagai, delako eszena aurreko urtean argitaratua izan den bitartean.

Eta zertarako egin beharko genuke horrelako zerbait? Bada, umorea sustatzeko, erotismoaren hizkera txalotzeko, euskaldunen inguruko topikoen kontra egiteko, oraindik ere (eta gezurra dirudien arren) gure artean dirauten tabuak apurtzeko (eta ez naiz bakarrik sexuari buruz ari) edo Edorta Jimenezek berriki Sautrela saioan aipatutako “Arantzazuren sindromeari” behin-betiko aspirina emateko. Gutxi iruditzen zaizue? (Edorta, antolaketa lanetarako apuntatuko zinateke?)

Sari-banaketaren giro onaren alde gauza batetan amore emateko prest nago, ea zer iruditzen zaizuen: saria euskaraz argitaraturiko sexu eszena txarrenari eman beharrean, sexu eszena onenari eman ahal diogu. Sexu On Saria: SOS.

Zer diozue? Egingo al dugu? Salba genezake horrela euskal literatura? Batek daki, baina ondo pasako dugu, ziur. Has gaitezen bada pasa den urteko euskal liburuak errepasatzen. Non irakurri duzue sexu eszenarik txarrena? Ez, barkatu, onena esan nahi nuen.

Ongi etorri

Hasieran Onanismo Onirikoa etorri zen. Gero, Etiope bat Martitzen. Gauez eta Azpikeriaz izan da, uste dut, gehien iraun duena. Baina hura ere ahitu egin da. Beraz, oker ez banabil, Habitat berri hau nire laugarren bloga da, hain zaharra al naiz?

Liburu baten eskutik jaio da gainera laugarren blog hau: Habitat, nire bigarren ipuin-liburua (eta honek ez nau kezkatzen, seguru “idazle gaztea” izaten jarraituko dudala urte batzuetarako).

Blogari zahar eta idazle gazte honek ongietorririk beroena ematen dizu habitat berri honetara.


Blog hau ezinezkoa izango litzateke Iruri Knörr lagun eta adituaren laguntzarik gabe. Mila esker, Iru.

Oraindik gauza asko txukundu gabe daude. Eman bueltatxo bat eta berehala ohartuko zarete. Zuen iruzkin, aholku eta purrustadak estimatuak izango dira (edo horren itxura egingo dut, behintzat).

Laster arte