SOS: euskal literatura salbatzeko saria

Pasa den urtean Jon Bilbao nire luma-kideak Erresuma Batuko Bad Sex Awards-en berri eman zigun zutabetxo honetan bertan: Literary Review aldizkariak ingelesez argitaraturiko sexu eszena txarrenari urtero ematen dion saria. Philip Kerrek, Norman Mailerrek eta Tom Wolfek dagoeneko irabazi dute. John Updikek bere karrera osoarengatik jaso zuen saria.

Hona hemen urte berrirako nire proposamen egokitua: egin dezagun gauza bera gure eremu honetan, alegia, euskal literaturaren eremuan. Ez dugu politikarien babesa behar (sari sinbolikoa izan daiteke, afaritxo bat, irabazlearen strip-tease batekin amaituta), ezta kritiko (erlatiboki) handien bedeinkapena ere (internet bidezko botaketaz lor daiteke epaia, Iban Zalduak behin baino gehiagotan proposatu duen Metacritic prozeduraz). Sexu-eszena bat idatzi edo idazten saiatu den edonor izan daiteke hautagai, delako eszena aurreko urtean argitaratua izan den bitartean.

Eta zertarako egin beharko genuke horrelako zerbait? Bada, umorea sustatzeko, erotismoaren hizkera txalotzeko, euskaldunen inguruko topikoen kontra egiteko, oraindik ere (eta gezurra dirudien arren) gure artean dirauten tabuak apurtzeko (eta ez naiz bakarrik sexuari buruz ari) edo Edorta Jimenezek berriki Sautrela saioan aipatutako “Arantzazuren sindromeari” behin-betiko aspirina emateko. Gutxi iruditzen zaizue? (Edorta, antolaketa lanetarako apuntatuko zinateke?)

Sari-banaketaren giro onaren alde gauza batetan amore emateko prest nago, ea zer iruditzen zaizuen: saria euskaraz argitaraturiko sexu eszena txarrenari eman beharrean, sexu eszena onenari eman ahal diogu. Sexu On Saria: SOS.

Zer diozue? Egingo al dugu? Salba genezake horrela euskal literatura? Batek daki, baina ondo pasako dugu, ziur. Has gaitezen bada pasa den urteko euskal liburuak errepasatzen. Non irakurri duzue sexu eszenarik txarrena? Ez, barkatu, onena esan nahi nuen.

Polanski afera

Ez dakit Hard Candy pelikula ikusi duzuen. Bertan, hamalau urteko neska batek ustezko pederasta bat drogatu eta bahitzen du. Gizonak, kartzelariaz libratu nahian, bere pederastia publikoki aitortuko duela agintzen dio. “Eta horrekin zer konpontzen dugu?” galdetzen dio neskak. “Horrek nire karrera suntsituko du” erantzuten dio gizonak. Eta neskak, irribarre ziniko bat ahotan: “Bai, noski, Polanskiri Oscarra eman ziotenean bezala, ezta?”.

.

Gaur egungo gizartean pederastaren irudiak ogroarena ordezkatu badu ere, umeekin oheratzen diren gizonak ulertzeko eta bere biktimari errua botatzeko saioak etengabeak dira. Lerrook idazterakoan, Roman Polanski zuzendaria Suitzako kartzela batean dago, Califoniako justiziak hala eskatuta. 1978tik, fidantzapeko askatasuna aprobetxatuta hanka egin zuenetik, bere atzetik dabil.

Zinearen mundua aho batez ia agertu da Polanskiren aldeko. Frantziak eta Poloniak ofizialki eskatu dute bere liberazioa. Prentsan denetariko argumentuak irakurri ditugu, zuzendariaren askatasunaren aldekoak guztiak. Kasu zahar bat dela, propaganda nahia baino ez dagoela afera guztiaren atzean… Beste argudio mota batek Polanskiren biografia (Auschwitz, ghettoa, Manson zoroaren krimenak) edo talentua (bai, nik ere maite dut Chinatown) gogorarazten du aringarri gisa. Batzuek beren anti-amerikanismoari bazka emateko aprobetxatu dute, eta beste zenbaitek puritano vs. liberalen arteko borroka bihurtu nahi dute afera guztia.

Baina inork gutxik aipatzen du Romanen arazoaren iturburua: 13 urteko ume bat drogatu eta bortxatu zuen. Hala onartu du zuzendariak berak ere. Neskak ezetz esan eta Polanskik aurrera jarraitu zuen: hor dago gakoa. Polanskiren aldekoek ez dute gertaera aipatu ere egin. Zaurian piko ez egiteagatik? Edo benetan ez zaielako hain grabea iruditzen? Azken finean, Hollywoodeko giro horretan, eta neska klase horrekin, eta Polanskiren sentsibilitatea kontuan hartuta…

_____________________________

Asteartean idatzi nuen goiko testua, eta ordutik egia da Polanksirekin hain ulerkor eta xamurrak ez diren iritziak argitaratuz joan direla. Enric Gonzalezek El País-en idatzitakoarekin gelditzen naiz:

Tal vez en el siglo que viene no sea un delito retozar con una niña de 13 años, y el caso de Polanski se asimile al de Oscar Wilde, que se pudrió en una cárcel por ser homosexual y no callárselo. Es posible. Yo espero que no. Espero que la ley y la moral sigan distinguiendo entre niños y adultos, y que los segundos no puedan abusar de los primeros.

Teknologia

Gasteizko ikastetxe batean nengoen, Paularen seigarren atzamarra liburuari buruz hitz egiten Lehen Hezkuntzako 4. mailako berrogei ikaslerekin. Idazleak Ikastetxeetan programari esker, askotan ibiltzen naiz eskolaz eskola liburu hori irakurle txikiekin batera jorratzen, beren galderak erantzuten eta iruzkinak aditzen. Eta beti dibertitzen naiz pila bat. Hori bai, badakit eskola guztietako umeak gauza zehatz batzuk jakiteko irrikaz egongo direla.

Lehenik eta behin: Patxi Gallego (liburuan parte hartu zuen marrazkilaria) nire mutil-laguna ote den jakin nahi dute. Bigarrenik: messengerra ote dudan jakin nahi dute (eta hala bada, helbidea eskatu nahiko didate). Hori beti galdetzen didate. Berdin Deustun, Lekeition edo Dulantzin. Nik ezetz erantzun behar diet bi galderei, ume guztiak dezepzionatuz. Patxi Gallego jatorra dela, baina ez garela horretara ailegatu. Eta ni Facebook belaunaldikoa naizela, messengerrekoa baino gehiago.


Batzuek (batez ere neskek) noiztik idazten dudan jakin nahi izaten dute. Horretan ere, egia esaten diet: txikitatik egiten dudala, gutxi gorabehera beren adina nuenetik.

Gasteizko ikastetxe hartan, hori adierazi ostean, mutil batek oso serio galdetu zidan: “Baina nola idazten zenuen garai hartan, ordenagailurik ez bazegoen?”.

Ez ninduen harritu nire haurtzaroa ordenagailurik gabeko aro batean kokatu izanak (nahiz eta gogoratzen dudanetik ordenagailua egon den gure etxean), beraientzat “heldua” bainaiz, ñabardurarik gabe, beste garai batekoa, beraz. Baina ume horren ezintasuna ordenagailurik gabeko idazketa prozesua imajinatzerako orduan… horrek gehiago harritu ninduen.

Zer gertatzen da belaunaldi berriekin? Boligrafo bat zer den ere ahaztu dute? Koaderno hitza ezaguna zaie? Klasean daudela, paper muturretan idatzitako mezutxoen ordez, smsak eta messengerra erabiltzen dute elkarrekin komunikatzeko?

Zahartzen ari naiz horrelakoak galdetzeagatik?

Istorioen luzera

Askotan galdetu izan didate: ezingo zenituzke zure ipuinak apur bat gehiago luzatu eta nobela bihurtu? Eta hurrengo egunean, beste norbaitek: ez al dituzu ipuinak gehiegi puztu? Orri gutxiagotan ezin zen istorio bera kontatu?

Bada, nik uste istorio bakoitzak eskatzen duela bere espazio propioa. Eta azkenean, aukeratutako luzerak eragin izugarria izango du istorioaren funtzionamenduan.

Forrest Gump pelikula, esate baterako,  minutu batean kontatu daiteke, baina ez da gauza bera, ezta?

Hau aurkezpen bat da

Ematen du mitin batean gaudela (gure alderdiko gazteria atzeko aldean, ohiko moduan) edo zerbaiten kontrako manifestua irakurtzen (hortik gure aurpegi serioak). Baina ez, Habitat liburuaren aurkezpen egunean hartutako argazkia da beheko hori. Eta, kontrakoa dirudien arren, oso ondo pasa genuen.

Argazkian: Xabier Mendiguren (editorea), ni neu, Miren Agur Meabe (idazle eta laguntzailea), Patxi Plazaola  (Beasaingo alkatea) eta Joxe Begiristain (CAFeko euskara arduraduna).

Aurkezpenaren berri, agian zehaztasun handiagoz, hemen ere ematen dute:

Berrian

Garan

Deian

Diario Vascon

Diario de Noticias de Álavan

Nontzeberrin