eBooka metroan

Neska bat ikusi dut metroan. Irakurtzen ari da, kontzentratuta. Liburu elektronikoa du esku artean. Arrotz samarra egin zait irudia. Zintzoki hitz eginda: ez zait gustatu. Baina hasieran, ez dut zergatia ulertu. Izan ere, ez naiz teknofoboa batere. Liburu elektronikoa hedatu egiten bada, liburu zerrenda zabala eskaintzen badu, prezioz eskuragarria baldin bada… nik ere erabiliko dut, noski. Paperezko liburuaren ordezko gisa baino, paperezko liburuaren osagarri moduan.

Orduan, zergatik nire ezinegona, liburu elektronikoa irakurtzen zuen neskaren aurrean?


Berehala ohartu nintzen. Liburu elektronikoak ez duenez karkasa aldatzen, ezin nuen jakin neska zer ari zen irakurtzen. Eta horrek amorratu egiten nau pixka bat.

Jendeak irakurtzen duenari erreparatzeko joera daukat. Izenburua ikusgai ez badago perspektiba desberdinak probatzen ditut, izenburua harrapatu arte. Obserbazio soziologiko-literarioa. Gogoan daukat, duela bost urte-edo, Madrileko metroko bagoi bakar batean bederatzi Da Vinci Kode zenbatu nituela. Eta pozik ematen zuten irakurle horiek: klub sekretu bateko kide-edo.

Baina are gehiago gustatzen zait horrelako paisaia monotonoan bestelako liburuetan sartuta dagoen jendea topatzea. Hara hor norbait Madame Bovary irakurtzen, edo Vila-Matasen azkena, edo Isaac Rosaren El Vano Ayer eleberri zoragarria. Eta horko zoro hori ez al dabil ba poesia irakurtzen? Eta beste hori Simon de Beauvoir-en memoria liburua!

Ondo etortzen dira horrelakoak. Ez dakit ispilu-neuronen errua izango ote den, edo inbidia hutsa, baina bagoietan ikusitako titulu horietako askok irakurtzeko gogoa piztu izan didate.

Bukatzear dago hau guztia liburu elektronikoaren hedatzearekin?