BLAn

Mesfidati, Bilboko Liburu Azokara hurbildu nintzen (aurten, BLA esan behar omen zaio, telebista saioetan hainbeste zabaldu den akronimoen modari jarraituz, nonbait).

Mesfidati hurbildu nintzela diot liburuak sinatzea tokatzen zitzaidalako, eta seniderik ez dudalako Bilbon. Ulertuko duzue ez direla bi zirkunstantzia bereziki mesedegarri, batera ematen baldin badira.

Bada, hara heldu nintzenean, ni baino urduriago topatu nuen standeko arduraduna. Antolaketa arazoren bat tarteko, nire liburuaren ale bakarra geratzen zitzaien momentu hartan. “Lasai” esan nion gizonari, nire aurreko esperientzia batzuk gogoan hartuz, “ez dut uste askoz gehiago salduko dudanik ere”.


Joan ziren minutu batzuk, pasa ziren aurpegi kurioso batzuk standaren aurretik, BLAko arduradunak nire izena iragarri zuen megafoniatik, Stieg Larssonen eta Toti Martínez de Lezearen liburu pare bat saldu ziren… eta halako batean mutil hura agertu zen. Ilehoria zen. Interes biziz ari zen liburu artean arakatzen. Halako batean, nire liburua hartu zuen eskuetan. Hegaleko argazkia ikusi eta ezagutuko ninduela pentsatu nuen. Baina ez.  Saltzaileak abisatu behar izan zion: “Hemen daukazu egilea”.

Begiratu zidan, begiratu nion.

Begi urdinak zituen.

Irribarretxo bat bota nion.


Presioaren presioaz, erosi behar izan zuen liburua. “Nori dedikatuko diot?” galdetu nion. “Roberto naiz” esan zidan azentu bitxiaz, eta gero: “Italiarra naiz eta euskara ikasten ari naiz Zornotzako barnetegian”. Primeran. Robertorentzat, hortaz.

“Eskerrik asko, nire lehenengo autografo euskalduna da hau” esan, eta alde egin zuen.

Bai, asmatu duzue. Pozik gelditu nintzen. Alde batetik italiar baten eskuetara ailegatu zelako nire liburua. Polita da hori. Baina batez ere, etxera joan nintekeelako standeko nire liburu guztiak saldu eta sinatu nituela pentsatuz. Arrakasta borobila.

Roberto, hau irakurtzen ari bazara, tante grazie, caro amico!

___________________________________________________

Esperientzia errepikatuz, larunbat honetan ere BLAn egongo naiz, 12etatik aurrera.

Habitat, Bilboko Foru Liburutegian

Hil honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Irakurketa Txoko berri bat jarri du martxan. Bi saio egingo dira hilero, abendura arte, bat gaztelaniaz eta beste bat euskaraz. Martxoan Kirmen Uribe eta Mikel Alvira aritu dira. Apirilean nire eta Ramiro Pinillaren txanda da, hurrenez hurren. Hemen daukazue programazioa osoa.

Badakit beldurra ematen dudala argazki horretan, baina, etorriko zara? Ostegun honetan egingo dugu, arratsaldeko 6:30tan, Bilboko Foru Liburutegian (5. pisuan oker ez banago). Saioa Goizalde Landabasok lagunduko du.