Haendelen flema

Georg F. Haendel bere oratoriorik famatuena zuzentzen zuen bitartean hil zen, alegia, Mesias zuzentzen zuen bitartean. Lehenengo aldiz adierazpen hori entzun nuenean gehiegikeria iruditu zitzaidan edo, besterik gabe, legenda.

Gerora apur bat informatu eta hala zen: gehiegikeria hutsa. Haendelek Mesias zuzentzen zuen bitartean alditxartu eta konortea galdu zuen. Hori bai. Baina ez zen bertan hil. Etxera eraman zuten, ohera, eta sei egunen buruan hil zen. Orain dela 250 urteko apirilaren 14ean, hain zuzen ere.


Berak Ostiral Santu batez hiltzea zuen desio, baina gorputzak egun bat gehiago eutsi nahi, 1759ko Larunbat Santura arte. 74 urte zituen, batere osasungarriak ez ziren elikadura-ohiturak eta hamaika konposizioren aitatasuna bere curriculumean, batez ere oratorio eta operak.

Gaur Alemania deitzen dugun lur zati horretan jaio zen Haendel, baina 38 urterekin Ingalaterrara jo eta britainiartasuna besarkatu zuen debozioz. Ingelesek ere beso-zabalik hartu zuten musikaria Rinaldo operaren arrakastaren ostean. Londreseko Mayfair auzoan zuen etxean. Gaur egun, museoa da.

Haendelen ohea
Haendelen ohea

Westminster abadiako bere hilobia ere bisitatu daiteke. Hor deskantsatzen du, Isaac Newton, Charles Dickens, Laurence Olivier eta Henry Purcell bezalako pertsonai txit britainiarrekin batera.

Behin Mesias-en saio batean egon nintzen, Ingalaterrako katedral batean. Momentu berezia, oso britainiarra, errituala ia. Publikoak ondo ezagutzen zuen obra, eta bazekin noiz zutitu: Hallelujah koroa hasi aurretik. George IIak hasitako ohitura hori zorrozki jarraitzen da gaur egun ere. (Batzuek diote hankak nekatuta zituelako altxatu zela erregea momentu horretan bertan. Berdin da, ohitura barregarriagoak dituen herri batetik nentorren.) Beraz, neu ere batu nintzaien. Han nengoen, zutunik eta serios koroak and he shall reign for ever and ever abesten zuen bitartean.


Batzuetan maitagarria da zinez flema britainiarra. Eta kutsagarria.

Erasmus zutabe bat

(modari jarraituz)

Imajinatu Erasmus beka batekin zaudela Ingalaterrako hiri txiki batean, eta bat-batean, zure postontzian, karrerako lehenengo urtean zure irakasle izandako bati zuzenduriko gutun bat topatzen duzula. Edonor zur eta lur uzteko modukoa, ezta?


Ba horixe bera gertatu zaio kazetaritza ikasle bati, berriki. Berari zuzenduta ez dagoen eskutitz bat postontzian. Hartzailearen izena ezaguna zaio, hala ere. Eta azkenik konturatu da, buruari pare bat buelta eman ostean: “hau ez al zen ba lehenengo mailan Publizitate irakasle izan nuen hura?”

Irakasle ohi horrekin kontaktuan jartzea erabaki du, arakatu du Interneten, lortu du irakaslearekin kontaktu modua, Facebook sareari esker, eta mezu bat idatzi dio, gutunaren afera kontatuz.

Neu ere geratu naiz zur eta lur ikasle honen mezua jaso dudanean. Lehenengo mailan izan nuen ikasle gisa, eta orain, laugarren mailan dagoelarik, nire destino berean dago, nire postontzia erabiliz, nire esperientziak (edo antzekoak) bizitzen. Hori suertea berea!

Berehala erantzun diot, esanez baietz, berak suposatu bezala, ni ere Erasmus beka batekin egon nintzela leku horretan bertan, laugarren mailan nengoenean hain zuzen ere, eta antza denez egoitza berean hartu dugula ostatua. Gutun hori zertaz zihoan galdetu diot gero, kuriositatez beterik (gutun bat niretzat, zazpi urteren bueltan?), baina berak erantzun dit ez dakiela, berarentzat ez zela konturatuta, berehala itzuli zuela (nik ez nuke horrelakorik egingo, baina tira).

Kointzidentzia txiki bat baino ez da, baina grazia handia egin dit. Gutuna trenbide konpainiaren propaganda edo antzeko kalamatrika baino ez zela izango kontuan hartuta ere, polita da zu dagoeneko ez zauden tokian oraindik gutunak jasotzen dituzula jakitea. Ingalaterrako hiri horretatik ez naizela guztiz joan gogorarazi dit. Eta hala da, dudarik gabe.