Krisia mahai-inguruan

Krisi garaia bizi dugula gauza askorengatik jakin daiteke. Supermerkatuan, babybel bola-gaztari giltzarrapoa jarri diotelako, adibidez.

Lagunarteko bazkari batean ere igarri daiteke, bestela. Batez ere mahaia horrela banatzen denean. Alde batean ingeniariak eta arkitektoak, guztiak ere hurrengo egoera hauetako batean: a) langabezian geratu berriak, b) ostiraletan jai-jai lan erregulazio espediente bati esker edo c) kontratua noiz bukatuko zain, jakinda ez dela berriztapenik egongo. Autonomoren bat edo beste ere badago, ogia zatitzen ari den hori, hain zuzen. Jarraitzen du autonomoak gizarte segurantzako kuota ordaintzen, baina diru-sarrerarik gabe ez daki epe-luzean alta emanda jarraitu ahalko duen.

Ingeniari eta arkitekto horiek, orain dela hamar urte, penaren penaz begiratzen zieten elektronika, mekanika edo diseinu industriala ikasi beharrean letretako karrera bat aukeratu zuten lagunei. Fakultatetik INEMera zuzenean, pentsatzen zuten. Azterketa garai gorrienetan, kontsolamendu gisa erabiltzen zituzten letretatik joandako bere lagun gizajo horiek. Ni izorratuta nago orain, baina gero besteek egingo dute negar.

Eta non daude lagun horiek? Magisteritza, psikologia eta filologia ikasi zutenak? Bada, mahaiaren bestaldean, ingeniari eta arkitektoen aieneak entzunez, ardoa lasai edanez, gehienek ere hezkuntzan egiten baitute lan, eta hezkuntza sistemaren kolapsorik ezin delako oraindik aurreikusi. Postreak ailegatu direnerako, ingeniari horietako batzuk interesatuta daude hezkuntzan (bat-bateko bokazioa! miraria!), tituluei buruz galdetzen diete mahaiaren bestaldekoei, egutegiari begiratzen diote gero, unibertsitateko edo bigarren hezkuntzako zerrendak noiz zabalduko diren jakin nahian.Eta patxarana korritzen hasi denerako, lagunartea erabat adiskidetuta dago. Letren eta zientzien arteko borroka betiko ahaztuta.

Betiko, edo krisialdia bukatzen den arte behintzat.