Haendelen flema

Georg F. Haendel bere oratoriorik famatuena zuzentzen zuen bitartean hil zen, alegia, Mesias zuzentzen zuen bitartean. Lehenengo aldiz adierazpen hori entzun nuenean gehiegikeria iruditu zitzaidan edo, besterik gabe, legenda.

Gerora apur bat informatu eta hala zen: gehiegikeria hutsa. Haendelek Mesias zuzentzen zuen bitartean alditxartu eta konortea galdu zuen. Hori bai. Baina ez zen bertan hil. Etxera eraman zuten, ohera, eta sei egunen buruan hil zen. Orain dela 250 urteko apirilaren 14ean, hain zuzen ere.


Berak Ostiral Santu batez hiltzea zuen desio, baina gorputzak egun bat gehiago eutsi nahi, 1759ko Larunbat Santura arte. 74 urte zituen, batere osasungarriak ez ziren elikadura-ohiturak eta hamaika konposizioren aitatasuna bere curriculumean, batez ere oratorio eta operak.

Gaur Alemania deitzen dugun lur zati horretan jaio zen Haendel, baina 38 urterekin Ingalaterrara jo eta britainiartasuna besarkatu zuen debozioz. Ingelesek ere beso-zabalik hartu zuten musikaria Rinaldo operaren arrakastaren ostean. Londreseko Mayfair auzoan zuen etxean. Gaur egun, museoa da.

Haendelen ohea
Haendelen ohea

Westminster abadiako bere hilobia ere bisitatu daiteke. Hor deskantsatzen du, Isaac Newton, Charles Dickens, Laurence Olivier eta Henry Purcell bezalako pertsonai txit britainiarrekin batera.

Behin Mesias-en saio batean egon nintzen, Ingalaterrako katedral batean. Momentu berezia, oso britainiarra, errituala ia. Publikoak ondo ezagutzen zuen obra, eta bazekin noiz zutitu: Hallelujah koroa hasi aurretik. George IIak hasitako ohitura hori zorrozki jarraitzen da gaur egun ere. (Batzuek diote hankak nekatuta zituelako altxatu zela erregea momentu horretan bertan. Berdin da, ohitura barregarriagoak dituen herri batetik nentorren.) Beraz, neu ere batu nintzaien. Han nengoen, zutunik eta serios koroak and he shall reign for ever and ever abesten zuen bitartean.


Batzuetan maitagarria da zinez flema britainiarra. Eta kutsagarria.