On the blog again

Posted by Katixa - Under: reno

Isilik egon naiz hiru hilabete hauetan, baina ez geldi.

Tarte honetan tesia amaitu dut (tira, ia-ia), Las Vegaseko erruleta guztiak dardarka utzi ditut, Txirri juniorrekin bainatu naiz Truckee ibaian, umeentzako beste liburutxo bat argitaratu didate (orain arteko nire istoriorik autobiografikoena, dudarik gabe), Colorado ibaiaren kanoian egon naiz Obama bertan egon zen egun berean eta moteletako jacuzzietara zaletu naiz.

Nevadan guztiz integraturik

Nevadan guztiz integraturik

Hori ez da dena.

Baina ez dut dena kontatuko lehenengo post honetan, ezta?

Austriatik Nevadara

Posted by Katixa - Under: reno, sautrela

Hauxe da denboraldiko azken hiria Sautrelan. Bideo guztiak irailerako goiz batean grabatu genituen, horregatik daramat kamiseta bera guztietan, ez pentsa. Hala ere, bederatzi hilabetez luzatu da atal bakoitzaren emisioa. Orain, bukatu da bidaia, Innsbruck-en, hain zuzen.

X

Eta beste bat hastera doa. Renorako bidean naiz. Hurrengo posta, bertatik. Ondo ibili.

Juul sariak

Posted by Katixa - Under: liburuak

Ez nekien Nafarroako ikastoletako ikasleak Sua Falta Zaigu liburuarekin torturatzen zituztenik . Baina antza, hala da. Batzuei gainera, liburua irakurri ostean, indarra gelditu zaie liburuaren aldeko bozka emateko. Hori dela eta, aurten Nafarroako Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen Juul sarietako bat egokitu zait. Etxarriko kultur etxean egingo da sari banaketa, gaur arratsaldean.

Nik ezingo dut joan, baina hemendik eskerrik beroenak bidali nahi dizkiet.

.

Segi irakurtzen!

13 egun eta bagoaz…

Posted by Katixa - Under: reno

BLAn

Posted by Katixa - Under: liburuak

Mesfidati, Bilboko Liburu Azokara hurbildu nintzen (aurten, BLA esan behar omen zaio, telebista saioetan hainbeste zabaldu den akronimoen modari jarraituz, nonbait).

Mesfidati hurbildu nintzela diot liburuak sinatzea tokatzen zitzaidalako, eta seniderik ez dudalako Bilbon. Ulertuko duzue ez direla bi zirkunstantzia bereziki mesedegarri, batera ematen baldin badira.

Bada, hara heldu nintzenean, ni baino urduriago topatu nuen standeko arduraduna. Antolaketa arazoren bat tarteko, nire liburuaren ale bakarra geratzen zitzaien momentu hartan. “Lasai” esan nion gizonari, nire aurreko esperientzia batzuk gogoan hartuz, “ez dut uste askoz gehiago salduko dudanik ere”.


Joan ziren minutu batzuk, pasa ziren aurpegi kurioso batzuk standaren aurretik, BLAko arduradunak nire izena iragarri zuen megafoniatik, Stieg Larssonen eta Toti Martínez de Lezearen liburu pare bat saldu ziren… eta halako batean mutil hura agertu zen. Ilehoria zen. Interes biziz ari zen liburu artean arakatzen. Halako batean, nire liburua hartu zuen eskuetan. Hegaleko argazkia ikusi eta ezagutuko ninduela pentsatu nuen. Baina ez.  Saltzaileak abisatu behar izan zion: “Hemen daukazu egilea”.

Begiratu zidan, begiratu nion.

Begi urdinak zituen.

Irribarretxo bat bota nion.


Presioaren presioaz, erosi behar izan zuen liburua. “Nori dedikatuko diot?” galdetu nion. “Roberto naiz” esan zidan azentu bitxiaz, eta gero: “Italiarra naiz eta euskara ikasten ari naiz Zornotzako barnetegian”. Primeran. Robertorentzat, hortaz.

“Eskerrik asko, nire lehenengo autografo euskalduna da hau” esan, eta alde egin zuen.

Bai, asmatu duzue. Pozik gelditu nintzen. Alde batetik italiar baten eskuetara ailegatu zelako nire liburua. Polita da hori. Baina batez ere, etxera joan nintekeelako standeko nire liburu guztiak saldu eta sinatu nituela pentsatuz. Arrakasta borobila.

Roberto, hau irakurtzen ari bazara, tante grazie, caro amico!

___________________________________________________

Esperientzia errepikatuz, larunbat honetan ere BLAn egongo naiz, 12etatik aurrera.

Hala da, zertan ukatu

Posted by Katixa - Under: memelokeriak

Hemendik hartuta

Sautrelan, Seul

Posted by Katixa - Under: liburuak, sautrela

Postal bat jaso nuen. Seuletik zetorren.

Pickford txikia

Posted by Katixa - Under: artikuluak, palomitak

Gaur bezalako egun batez, 1979ko maiatzaren 29an, Mary Pickford izenaz gogoratzen dugun aktore eta zinegilea zendu zen.

87 urte zeuzkan, zimurrez beteta egongo zen seguru, eta hala ere Mary Pickford-ek ez zion inoiz neskatila bat izateari utzi. Hamabost urterekin bere jaioterriari agur esan (Torontokoa zen izatez) eta New Yorkera egin zuen alde. Garai hartan Hollywood sortzeke zegoen, eta zine industria etxe orratzen artean garatzen zen.

Gladys Smith glamourrik gabeko izena atzean utzi eta hamasei urterekin bere lehenengo pelikula mutua egin zuen, David Wark Griffith-en zuzendaritzapean. “Hau zortea nirea!” pentsatuko zuen neskatilak. Noski, Gladys Smith-ek ez zekien hurrengo hogei urtetan paper bera errepikatzera mugatu beharko zuela: neskatila inozentea eta samurra, gizon ausart bati esker arriskutik libratuta, azken minutuan beti.


1925. urtean, Photoplay aldizkariak hurrengo galdera luzatu zien bere irakurleei: Zein paperetan ikusi nahiko zenuke Mary Pickford? Erantzunak argigarriak dira: Heidi, Errauskine, Alice lurralde miresgarrian, Txanogorritxu… Etsipenez hartu zituen Pickford-ek iradokizunok: dagoeneko 32 urte zeuzkan, baina garaiera txikikoa zen, eta ile-kiribilek ume itxura ematen zioten.

Zeren eta, nork esan du baten adina barne-izpirituak baldintzatuta dagoela? Ez, lagunok, besteek nola ikusten gaituzten, adin hori daukagu. Pickford neskatila bihozbera bat zen, Amerikako sweetheart txikia. Urteek aurrera egiten zutela? Pickford emakume bilakatu, eta behin baino gehiagotan dibortziatzen zela? United Artists zine-konpainia sortu eta eta produktore ahalguztiduna bihurtzen zela? Hori publikoari bost axola zitzaion. Ile-kiribilak moztu eta neskatila inozoaren paperetik atera zen aldi bakanetan, porrota baino ez zuen dastatu.

1933. urtean egin zuen bere azken pelikula. Ondoren depresioa, isolamendua eta alkoholismoa. Gogorra baita neskatila tolesgabea izatea betiko.

Uxue Alberdi Santutxuko Irakurlearen tartean

Posted by Katixa - Under: irakurlearen tartea

Aulki bat elurretan idatzi eta gurekin jorratu ostean, Aulki-jokoa bere lehen nobelarekin datorkigu Uxue Alberdi Santutxuko Irakurlearen Tartera, ondo baino hobeto ezagutzen duen eremura.

Berarekin liburuaz eta beste hainbat gauzez hitz egin nahi baduzu, badakizu non gauden, Arbidea kaleko AEK euskaltegian (Bilbon). Datorren asteazkenean bilduko gara, hilaren 27an arratsaldeko 20.00etan.

Guztiontzako aulkiak egongo dira.

Krisia mahai-inguruan

Posted by Katixa - Under: artikuluak

Krisi garaia bizi dugula gauza askorengatik jakin daiteke. Supermerkatuan, babybel bola-gaztari giltzarrapoa jarri diotelako, adibidez.

Lagunarteko bazkari batean ere igarri daiteke, bestela. Batez ere mahaia horrela banatzen denean. Alde batean ingeniariak eta arkitektoak, guztiak ere hurrengo egoera hauetako batean: a) langabezian geratu berriak, b) ostiraletan jai-jai lan erregulazio espediente bati esker edo c) kontratua noiz bukatuko zain, jakinda ez dela berriztapenik egongo. Autonomoren bat edo beste ere badago, ogia zatitzen ari den hori, hain zuzen. Jarraitzen du autonomoak gizarte segurantzako kuota ordaintzen, baina diru-sarrerarik gabe ez daki epe-luzean alta emanda jarraitu ahalko duen.

Ingeniari eta arkitekto horiek, orain dela hamar urte, penaren penaz begiratzen zieten elektronika, mekanika edo diseinu industriala ikasi beharrean letretako karrera bat aukeratu zuten lagunei. Fakultatetik INEMera zuzenean, pentsatzen zuten. Azterketa garai gorrienetan, kontsolamendu gisa erabiltzen zituzten letretatik joandako bere lagun gizajo horiek. Ni izorratuta nago orain, baina gero besteek egingo dute negar.

Eta non daude lagun horiek? Magisteritza, psikologia eta filologia ikasi zutenak? Bada, mahaiaren bestaldean, ingeniari eta arkitektoen aieneak entzunez, ardoa lasai edanez, gehienek ere hezkuntzan egiten baitute lan, eta hezkuntza sistemaren kolapsorik ezin delako oraindik aurreikusi. Postreak ailegatu direnerako, ingeniari horietako batzuk interesatuta daude hezkuntzan (bat-bateko bokazioa! miraria!), tituluei buruz galdetzen diete mahaiaren bestaldekoei, egutegiari begiratzen diote gero, unibertsitateko edo bigarren hezkuntzako zerrendak noiz zabalduko diren jakin nahian.Eta patxarana korritzen hasi denerako, lagunartea erabat adiskidetuta dago. Letren eta zientzien arteko borroka betiko ahaztuta.

Betiko, edo krisialdia bukatzen den arte behintzat.