Amak esan didanez, bentosa baten bitartez ni munduratzen lagundu zuen ginekologoak mundua utzi berri du. Kontsultan bertan harrapatu zuen heriotzak gainera. Gaixorik zegoen, baina inork ez zuen espero hain amaiera azkarra. Imajinatu pazientearen sustoa.
Etxera ailegatu eta Benedettiren heriotzaren berri jaso dut. Buruz ikasten genituen bere poemak, hamabost urterekin.
Bi gertaerak ez daude erlazionaturik. Ezerk ez du zentzurik. Dena da denbora-pasa.
Pasatiempo
Cuando éramos niños
los viejos tenían como treinta
un charco era un océano
la muerte lisa y llana
no existía.
Luego cuando muchachos
los viejos eran gente de cuarenta
un estanque un océano
la muerte solamente
una palabra.
Ya cuando nos casamos
los ancianos estaban en cincuenta
un lago era un océano
la muerte era la muerte
de los otros.
Ahora veteranos
ya le dimos alcance a la verdad
el océano es por fin el océano
pero la muerte empieza a ser
la nuestra.
Mario Benedetti (1920-2009)
Zinemara joan eta, pelikula hasi aurretik, trailer bat jarri zidaten. Arraroa bazen ere (estreinatu gabeko pelikula baten trailerra zen, azken finean) berehala egin zitzaidan ezaguna. 30. segundoan argi zegoen: nik pelikula hori ikusita nuen, beste aktore eta estetika batekin, hori bai. The Taking of Pelham 123 zen pelikula, eta horrela enteratu nintzen 2009 honetan 1974ko pelikularen remake-a egin behar dutela.
Pelikula originala orain dela gutxi ikusi nuen. Igande gau gogogabe batez telebista piztu eta hasieratik harrapatu nuenean. Berehala liluratu ninduen. Iragarkirik gabe jarri zuen ETB2k, gainera, (txalo bero bat!).
Kontatzen duen istorioa sinplea bezain eraginkorra da. Gaizkile talde batek New Yorkeko metroko tren bat bahitu (Pelham 123 trena, hain zuzen) eta udalari milioi bat dolar eskatzen dio, bahituak banan bana hilko dituzte bestela. Bitartean, hiriko garraio-polizia bat bahitzaileekin irrati bidez komunikatzen da, egoera konpondu nahian.
Pelikula benetako harribitxi bat da, elementu minimoekin (tunel baten barruan garatzen da hein handia batean, bi protagonistek eserita ematen dute denbora gehiena) tentsioa mantentzen duena uneoro, umorez zipriztindua eta antzezpen bikainekin (handia zen Walter Matthau). Gainera, pelikula laburra da. (Zergatik dira hain luzeak gaur egungo pelikulak? Palomita gehiago jan ditzagun?).
Esan nahi dudana da, nekez lortuko duela Pelham berriak aurrekoa gainditzea. Trailerra ikusita, ematen du leherketa, su-festa eta tiro ugari erantsi dizkiotela bertsio berriari, ikusle garaikidea harrapatu nahian agian, baina istorioaren soiltasun perfektua hondatuz, ziuraski. Gainera, John Travolta agertzen da, gaizkileen buru gisa.
Eta gaizkileez ari garela, beren izenak ez dira oraingoan Mr. Blue, Mr. Green, Mr. Brown eta Mr. Grey izango. Quentin Tarantinok erabili zituen izen horiek, omenaldi moduan, Reservoir Dogs bere lehenengo filman.
Ulertzekoa da: Pelham 123 berria ikusten duenak pentsa zezakeen pelikulak Tarantinori egiten diola omenaldia,
eta ez alderantziz.
Beti saiatzen naiz berandu heltzen dentistarekin ditudan hitzorduetara. Oreka zaila da bilatzen dudana. Ez dut gehiegi atzeratu nahi (dentista haserraraztea besterik ez zitzaidan falta), baina zain egoteak nire onetik ateratzen nau. Beraz, bost minutu berandutzeko ohitura daukat aspalditik. Itxarongelari diodan beldurragatik egiten dut, jakina. Izutzen naute besaulkiek, paretetan zintzilikatutako diplomek eta atzeratutako aldizkari horiek guztiek. Denek hitz bera errepikatzen didate: mina-mina-mina.
Bost minutu berandutzeko estrategiak ez du beti funtzionatzen. Askotan, “pixka bat itxaron beharko duzu” esaten didate horrela ere, eta dardarka jartzen naiz. Eseri eta liburu bat ateratzen dut, baina alferrik. Nire gogo guztia minaren aurreikuspenean jartzen dut, nahi gabe, itxarongelak horretarako balira bezala: mina itxaroteko gelak. Eta ez, Cheever-ek esaten zuen bezala, zeure buruari ipuin bat kontatzeko tokiak, zure heriotza-zigorrerako kontra-aginduaren zain zauden bitartean.
Nik ez dut kontra-agindurik espero: badakit mina egongo dela. Nolakoa izango den zehaztea baino ez zait falta. Zorrotza edo urratzailea, odola aterako zaidan edo negarra eragingo didan (behin dentistak berak sikatu zizkidan malkoak, bere bataren mahukarekin), Ibuprofenoa hartzen ibili beharko ote dudan, hurrengo egunetan. Horrelako fantasia makurrak.
Gero, egia esanda, ez dira ia inoiz nire aurreikuspenak betetzen. Tortura-eserlekuan jesarri, anestesiaren ziztada sentitu (apal-apala egia esanda) eta ahoa irekita mantendu, aurpegi erdia erabat lokartuta daukadan bitartean. Kaxatik pasatu gero, eta ospa. Dentistaren kontsultatik ateratzen naizenean azken begirada bat ematen diot itxarongelari, eta esaten dut: ba, a ze tontakeria. Zergatik ez ote dut itxarongelako denbora liburu bat irakurtzeko aprobetxatu, edo neure buruari ipuin bat kontatzeko? Jakin eta gero, denok jakintsu.
Unibertsitateko irakasle bat Euskal Herriko errealitate politikoarekin aspertuta. Alaskako unibertsitate batetik eskaintza bat datorkio, Euskal Herriari buruzko ikastaro bat emateko. Han, Euskal Herriari buruz deus ez dakitenen aurrean, Euskal Herriko historia fantaskiko bat asmatzen du.
Badakizue, apirilaren 29an izango da, asteazkena, arrastiko 20.00etan Santutxuko AEKn (Arbidea 21, Txurdinaga). Etortzerik ez baduzue zuen galdera hemen bota dezakezue. Nik pasako diot Ibani, eta erantzuna hona ekarri.
Georg F. Haendel bere oratoriorik famatuena zuzentzen zuen bitartean hil zen, alegia, Mesias zuzentzen zuen bitartean. Lehenengo aldiz adierazpen hori entzun nuenean gehiegikeria iruditu zitzaidan edo, besterik gabe, legenda.
Gerora apur bat informatu eta hala zen: gehiegikeria hutsa. Haendelek Mesias zuzentzen zuen bitartean alditxartu eta konortea galdu zuen. Hori bai. Baina ez zen bertan hil. Etxera eraman zuten, ohera, eta sei egunen buruan hil zen. Orain dela 250 urteko apirilaren 14ean, hain zuzen ere.
Berak Ostiral Santu batez hiltzea zuen desio, baina gorputzak egun bat gehiago eutsi nahi, 1759ko Larunbat Santura arte. 74 urte zituen, batere osasungarriak ez ziren elikadura-ohiturak eta hamaika konposizioren aitatasuna bere curriculumean, batez ere oratorio eta operak.
Gaur Alemania deitzen dugun lur zati horretan jaio zen Haendel, baina 38 urterekin Ingalaterrara jo eta britainiartasuna besarkatu zuen debozioz. Ingelesek ere beso-zabalik hartu zuten musikaria Rinaldo operaren arrakastaren ostean. Londreseko Mayfair auzoan zuen etxean. Gaur egun, museoa da.
Haendelen ohea
Westminster abadiako bere hilobia ere bisitatu daiteke. Hor deskantsatzen du, Isaac Newton, Charles Dickens, Laurence Olivier eta Henry Purcell bezalako pertsonai txit britainiarrekin batera.
Behin Mesias-en saio batean egon nintzen, Ingalaterrako katedral batean. Momentu berezia, oso britainiarra, errituala ia. Publikoak ondo ezagutzen zuen obra, eta bazekin noiz zutitu: Hallelujah koroa hasi aurretik. George IIak hasitako ohitura hori zorrozki jarraitzen da gaur egun ere. (Batzuek diote hankak nekatuta zituelako altxatu zela erregea momentu horretan bertan. Berdin da, ohitura barregarriagoak dituen herri batetik nentorren.) Beraz, neu ere batu nintzaien. Han nengoen, zutunik eta serios koroak and he shall reign for ever and ever abesten zuen bitartean.
Batzuetan maitagarria da zinez flema britainiarra. Eta kutsagarria.
Ze txarra den oporrak izanda ere etxean egotea. Eguraldi kaskarra bada asuntua okertu besterik ez da egiten. Gaur, esate baterako, arratsaldea pasatzeko zer bururatu eta twitter kontu bat zabaldu dut.
Neska bat ikusi dut metroan. Irakurtzen ari da, kontzentratuta. Liburu elektronikoa du esku artean. Arrotz samarra egin zait irudia. Zintzoki hitz eginda: ez zait gustatu. Baina hasieran, ez dut zergatia ulertu. Izan ere, ez naiz teknofoboa batere. Liburu elektronikoa hedatu egiten bada, liburu zerrenda zabala eskaintzen badu, prezioz eskuragarria baldin bada… nik ere erabiliko dut, noski. Paperezko liburuaren ordezko gisa baino, paperezko liburuaren osagarri moduan.
Orduan, zergatik nire ezinegona, liburu elektronikoa irakurtzen zuen neskaren aurrean?
Berehala ohartu nintzen. Liburu elektronikoak ez duenez karkasa aldatzen, ezin nuen jakin neska zer ari zen irakurtzen. Eta horrek amorratu egiten nau pixka bat.
Jendeak irakurtzen duenari erreparatzeko joera daukat. Izenburua ikusgai ez badago perspektiba desberdinak probatzen ditut, izenburua harrapatu arte. Obserbazio soziologiko-literarioa. Gogoan daukat, duela bost urte-edo, Madrileko metroko bagoi bakar batean bederatzi Da Vinci Kode zenbatu nituela. Eta pozik ematen zuten irakurle horiek: klub sekretu bateko kide-edo.
Baina are gehiago gustatzen zait horrelako paisaia monotonoan bestelako liburuetan sartuta dagoen jendea topatzea. Hara hor norbait Madame Bovary irakurtzen, edo Vila-Matasen azkena, edo Isaac Rosaren El Vano Ayer eleberri zoragarria. Eta horko zoro hori ez al dabil ba poesia irakurtzen? Eta beste hori Simon de Beauvoir-en memoria liburua!
Ondo etortzen dira horrelakoak. Ez dakit ispilu-neuronen errua izango ote den, edo inbidia hutsa, baina bagoietan ikusitakotitulu horietako askok irakurtzeko gogoa piztu izan didate.
Bukatzear dago hau guztia liburu elektronikoaren hedatzearekin?