Sautrelan, Petra

Posted by Katixa - Under: sautrela

Habitat, Bilboko Foru Liburutegian

Posted by Katixa - Under: habitat, hitzaldiak

Hil honetan Bizkaiko Foru Aldundiak Irakurketa Txoko berri bat jarri du martxan. Bi saio egingo dira hilero, abendura arte, bat gaztelaniaz eta beste bat euskaraz. Martxoan Kirmen Uribe eta Mikel Alvira aritu dira. Apirilean nire eta Ramiro Pinillaren txanda da, hurrenez hurren. Hemen daukazue programazioa osoa.

Badakit beldurra ematen dudala argazki horretan, baina, etorriko zara? Ostegun honetan egingo dugu, arratsaldeko 6:30tan, Bilboko Foru Liburutegian (5. pisuan oker ez banago). Saioa Goizalde Landabasok lagunduko du.

Ordu aldaketak ez dit onik egiten…

Posted by Katixa - Under: memelokeriak

Goiz osoa daramat horrela…

Hona hemen nire benetako sofa

Posted by Katixa - Under: habitat

Holako erreportajeetan bezala, nire etxeko eta nire bihotzeko ateak zabaldu nizkien Argiako lagunei. Emaitza idatzita hor, eta bideoa hemen. Ez dakit zergatik ikusten den hain txiki, tamaina normalean hemen daukazue. Eskerrik asko, Gorka, kode berria bidaltzeagatik.

Erasmus zutabe bat

Posted by Katixa - Under: artikuluak

(modari jarraituz)

Imajinatu Erasmus beka batekin zaudela Ingalaterrako hiri txiki batean, eta bat-batean, zure postontzian, karrerako lehenengo urtean zure irakasle izandako bati zuzenduriko gutun bat topatzen duzula. Edonor zur eta lur uzteko modukoa, ezta?


Ba horixe bera gertatu zaio kazetaritza ikasle bati, berriki. Berari zuzenduta ez dagoen eskutitz bat postontzian. Hartzailearen izena ezaguna zaio, hala ere. Eta azkenik konturatu da, buruari pare bat buelta eman ostean: “hau ez al zen ba lehenengo mailan Publizitate irakasle izan nuen hura?”

Irakasle ohi horrekin kontaktuan jartzea erabaki du, arakatu du Interneten, lortu du irakaslearekin kontaktu modua, Facebook sareari esker, eta mezu bat idatzi dio, gutunaren afera kontatuz.

Neu ere geratu naiz zur eta lur ikasle honen mezua jaso dudanean. Lehenengo mailan izan nuen ikasle gisa, eta orain, laugarren mailan dagoelarik, nire destino berean dago, nire postontzia erabiliz, nire esperientziak (edo antzekoak) bizitzen. Hori suertea berea!

Berehala erantzun diot, esanez baietz, berak suposatu bezala, ni ere Erasmus beka batekin egon nintzela leku horretan bertan, laugarren mailan nengoenean hain zuzen ere, eta antza denez egoitza berean hartu dugula ostatua. Gutun hori zertaz zihoan galdetu diot gero, kuriositatez beterik (gutun bat niretzat, zazpi urteren bueltan?), baina berak erantzun dit ez dakiela, berarentzat ez zela konturatuta, berehala itzuli zuela (nik ez nuke horrelakorik egingo, baina tira).

Kointzidentzia txiki bat baino ez da, baina grazia handia egin dit. Gutuna trenbide konpainiaren propaganda edo antzeko kalamatrika baino ez zela izango kontuan hartuta ere, polita da zu dagoeneko ez zauden tokian oraindik gutunak jasotzen dituzula jakitea. Ingalaterrako hiri horretatik ez naizela guztiz joan gogorarazi dit. Eta hala da, dudarik gabe.

Datozen ekitaldi batzuk

Posted by Katixa - Under: hitzaldiak, irakurlearen tartea

Kostata, ebentoak plazaratzeko widget bat lortu nuen eta nire blog honetan inkrustatu, baina ez dabil batere fin, eta post baten bitartez errazago egingo zait datozen ekitaldien berri ematea.

  • Datorren asteartean, hilaren 24an Santutxuko Irakurlearen tartean izango naiz. Oraingo honetan ez anfitrio gisa baizik eta gonbidatu gisa, orain dela bi urte egon nintzen moduan. Uxue Alberdik egingo ditu gidari lanak eta aitzakia Habitat liburua izango da. Betiko moduan iluntzeko 20:00etan izango da, baina asteartearekin, ohi ez bezala…
  • …asteazkenean beste ekitaldi bat dudalako. Beasainen honako hau. X. Igartza Sariari esker atera diren bi liburuak aurkeztuko ditugu bertan. Irati Jimenezek berea, Nora ez dakizun hori, eta nik nirea.  Ekitaldia iluntzeko 7etan izango dela uste dut.

Bide batez, wordpress-erako ebentoak plazaratzeko fundamentuzko widget-en bat ezagutzen duzue?

Ondo igaro zubia!

Teknologia

Posted by Katixa - Under: Sailkatugabeak

Gasteizko ikastetxe batean nengoen, Paularen seigarren atzamarra liburuari buruz hitz egiten Lehen Hezkuntzako 4. mailako berrogei ikaslerekin. Idazleak Ikastetxeetan programari esker, askotan ibiltzen naiz eskolaz eskola liburu hori irakurle txikiekin batera jorratzen, beren galderak erantzuten eta iruzkinak aditzen. Eta beti dibertitzen naiz pila bat. Hori bai, badakit eskola guztietako umeak gauza zehatz batzuk jakiteko irrikaz egongo direla.

Lehenik eta behin: Patxi Gallego (liburuan parte hartu zuen marrazkilaria) nire mutil-laguna ote den jakin nahi dute. Bigarrenik: messengerra ote dudan jakin nahi dute (eta hala bada, helbidea eskatu nahiko didate). Hori beti galdetzen didate. Berdin Deustun, Lekeition edo Dulantzin. Nik ezetz erantzun behar diet bi galderei, ume guztiak dezepzionatuz. Patxi Gallego jatorra dela, baina ez garela horretara ailegatu. Eta ni Facebook belaunaldikoa naizela, messengerrekoa baino gehiago.


Batzuek (batez ere neskek) noiztik idazten dudan jakin nahi izaten dute. Horretan ere, egia esaten diet: txikitatik egiten dudala, gutxi gorabehera beren adina nuenetik.

Gasteizko ikastetxe hartan, hori adierazi ostean, mutil batek oso serio galdetu zidan: “Baina nola idazten zenuen garai hartan, ordenagailurik ez bazegoen?”.

Ez ninduen harritu nire haurtzaroa ordenagailurik gabeko aro batean kokatu izanak (nahiz eta gogoratzen dudanetik ordenagailua egon den gure etxean), beraientzat “heldua” bainaiz, ñabardurarik gabe, beste garai batekoa, beraz. Baina ume horren ezintasuna ordenagailurik gabeko idazketa prozesua imajinatzerako orduan… horrek gehiago harritu ninduen.

Zer gertatzen da belaunaldi berriekin? Boligrafo bat zer den ere ahaztu dute? Koaderno hitza ezaguna zaie? Klasean daudela, paper muturretan idatzitako mezutxoen ordez, smsak eta messengerra erabiltzen dute elkarrekin komunikatzeko?

Zahartzen ari naiz horrelakoak galdetzeagatik?

Istorioen luzera

Posted by Katixa - Under: Sailkatugabeak

Askotan galdetu izan didate: ezingo zenituzke zure ipuinak apur bat gehiago luzatu eta nobela bihurtu? Eta hurrengo egunean, beste norbaitek: ez al dituzu ipuinak gehiegi puztu? Orri gutxiagotan ezin zen istorio bera kontatu?

Bada, nik uste istorio bakoitzak eskatzen duela bere espazio propioa. Eta azkenean, aukeratutako luzerak eragin izugarria izango du istorioaren funtzionamenduan.

Forrest Gump pelikula, esate baterako,  minutu batean kontatu daiteke, baina ez da gauza bera, ezta?

Habitat Larrabetzun (+ bonus track)

Posted by Katixa - Under: habitat, hitzaldiak

Arrekikili euskara elkarteak gonbidatuta, Larrabetzu ezagutzera joango naiz ostegunean. Turismoaz gain, animatzen direnekin Habitat liburuari buruz ere egingo dut berba.

Larrabetzuko Anguleri kultur etxean egingo dugu saioa, iluntzeko 8etan.

Bide batez, utzidazue hemen zintzilikatzen Miren Agur Meabek Bilboko aurkezpenean bota zituen hitz eder sorta hau. Ez itzazue guztiak sinetsi.

Agian tontakeria bat irudituko zaizue orain kontatuko dizuedana, baina uste dut pasadizo hau ondo uztartzen dela liburuaren espirituarekin.

Habitaten probak irakurtzen ari nintzen egunetan —aste pare bat izango da— kalera atera nintzen, inorako eta inolako planik gabe, euria goian-behean ari zela. Noraezean, Alde Zaharreko altzari-denda baten aurrean paratu nintzen, deskontuei begira (ez arropa-denda edo zapata-denda edo gozodenda batekoei) eta han non entzuten dudan diosal goxo bat: “Ene, Miren Agur”. Jiratu, eta Katixa zen. “Zer egiten duzu hemen”, “Ba, ikusten duzu, sofa horri begira”. (Bide batez esanda, gaur arte ez dut ikusi liburua, eta hara, sofa bat ageri da azalean, eta liburuan esaten da, gutxi gorabehera, sofak direla maitasunerako, elikadurarako, jokorako, atsedenerako eta abarrerako guneak, sofan hasten dela dena, eta hor jarraitzen duela). “Eta zer moduz”. “Ba, asteburu guztian zugan pentsatzen, liburuari buruzko oharrak hartzen, eta gainera, begira, izugarri gustatu zait sofa-saltzailearen ipuina, eta neure buruari galdetzen nengoen ea nola kontatuko zenukeen zuk nire istorioa, zure pertsonaietako bat banintz… are gehiago orain, igande eguerdia, adin ertaineko emakume bat altzari-denda baten aurrean, goardasolaren azpian, bakarrik”. “Joango al gara zerbait hartzera?”.

Eta joan ginen txakolina eta pintxo bana hartzera, ipuin baten sorkina edo enbrioia izan zitekeena airean utzita.

Anekdota hori kontatzearen arrazoia ez da hauxe besterik: liburuan topatzen ditugun gizakiek ez diruditela pertsonaiak, pertsonak baizik, oso geure moduko jendea. Fikzioa ez dirudien fikzioa egiten du Katixak. Bere fikzioak ia-ia erreportajearen mugan ikusten ditut, zine-zuzendari batzuek egiten dituzten testimonio-pelikulen estilokoak; beren arruntasunagatik mamitsuak eta indartsuak diren biografia-pasarteak bezalakoak. Eta amaiera irekidunak; alegia, aurreko anekdotarekin lotuz, inoiz ezin dugula jakin zer den bizitzak igande eguerdi batean ekarriko diguna.

Ipuinetan ez zaio kontzesiorik egiten sentimentalismoari. Gertaerak, izan 1. pertsonan kontatuak, izan 3. pertsonan, oreka galdu gabe kontatuak daude (horrek ez du esan nahi hotzak direnik). Narratzailea kapaz da kontatzen duen drama (ze, izan, istorio bakar bat ere ez da alaia edo friboloa) apartetik lez, kanpotik azaltzeko. Esan ere esaten du batek hori; eta beste batzuk irakurleari zuzentzen zaizkio, konplizitate bila edo arreta eske.

Gaur-gaurko egoerak aurkitzen ditugu liburuan. Adibidez, krisi ekonomikoak dakartzan bestelako zauriak: diru-premiarekin batera, autoestimua eta duintasuna ez galtzeko borroka, biziraupen emozionalerako oztopoak eta hartu beharreko arriskuak. Edo inkomunikazioaren paradoxa informazioaren eta komunikazioaren gizartean; lanaren munduko presioak eta baldintzak; ETAren atentatu bat… eta horiek guztiek pertsonaiengan dituzten eraginak, kontrolatuak nahiz borondatez kanpokoak, erreflexuak.

Liburuko pertsonaiek normaltasun konplexua, denon batez bestekotasun arrunt hori dute ezaugarri. Katixa trebezia handiz sartzen da pertsonaien baitan, batzuetan psikologia-eskuliburuetako baieztapenak ere eginez, era honetara: “Pertsona inteligenteen ezaugarria da manipulatzaileak izatea. Eta xantaia emozionala artez erabiltzen jakitea”. Oso interesgarria iruditu zait liburua alde horretatik.

Pertsonaiak etengabe hitz egiten ari dira beren buruarekin; burmuinean kateatzen dituzte elkarrizketak; edo galderen mailukatze itogarria pairatzen dute, une oro bizitzak jartzen dizkien ebaluazio-kontrolak egitera derrigortuak. Sentsazio hori areagotu egiten da elkarrizketetan ez direlako ageri ohiko puntuazio-markak edota mintzaldi bakoitza seinalatzeko erabiltzen diren marrak; edo sintagmak edo egiturak pilatzen direlako: pertsonaiek enumerazioak egiten dituzte, beren eragiketa mentalen laburpenak egiten baleude bezala.

Hala ere, badago puntuazio-zeinu bat erruz agertzen dena, arreta ematen duena; idazkeraren ezaugarria dela ere esango nuke: parentesiak (hainbeste dira, zenbatzea merezi luke). Anbiguetatearentzat tarterik ez da uzten beraz, irakurlea arian-arian ondorioztatuz doana, akotazioen bitartez esplizitatzen zaiolako. Parentesi horiek dira guk geure kolkoari ahapeka ematen dizkiogun argibideak, beste norbaitekin hitz egiten gaudenean ahoskatzen ez ditugun burutazioak, hipokresiaren baliabideak, justifikazioak, autolaguntza-taktikak.

Pertsonaiekin jarraituz, galeria zabal bat dago liburuan:

— hitz egiteko modu seguruaren azpian zaurgarritasuna ezkutatu nahi dutenak, “intimitateari leihotxorik txikiena ere ireki gabe”, baten hitzetan, “ezin baitugu hitzen atzean luzaro babestu”, beste baten hitzetan. Azken batean, garraztasun mingarriz mintzatzen edo isiltzen diren pertsona lehorrak eta pertsona goxoak.

— elkarri nola lagundu ez dakiten pertsonak ere badira, elkarri ustekabean laguntzen diotenak, elkarri lagundu nahi ez diotenak, onartuak izan nahi dutenak, kontraesanak dituztenak, ustekabeen ondorioz frustrazioak bizi dituztenak, bizitzak momenturen batean iruzur egin dielako.

— egoerara egokitzen saiatzen diren pertsonak, praktikoak, fantasia gutxikoak, errealismoz pentsatu nahi dutenak, sintzeroegiak, ez puruak, ez idealizatuak, indibidualistak, alienatuak (alienazioaren erretratu paregabea dago Hosting ipuinean, adibidez), babesa behar dutenak, direktoak, ez soilik beren esanetan, ezpada beren portaeren arrazoiak argudiatzean, beren burua esplikatzean, batzuetan, arrazionalizatzeko joera hori patetikoa bihurtzeraino.

Orohar, autoanalisirako kapazitate miresgarria dute.

Autoflagelazio, erruduntasun, agresibitate, erresumin, jelosia, manipulazio eta gezurren, giza sentimenduen tipologia zabalaren sare horretan txertatzen dira, hain zuzen ere, Katixaren ironia eta umorea (60, 101), pertsonaion zorionerako, geure enpatiaren bidez salba ditzagun, denok baitakigu, bai haiek, bai guk, sublimea denetik erridikulua denera urrats txiki bat baino ez dela egote.

Erritmo handiko testuak lortu ditu Katixak. Esaldi labur eta zehatzen bidez, errepiken bidez (batzuetan esaldi edo galdera berberak erabiliz, kontaerari tira egiteko mugarri modura). Lortzen du, halaber, tristura piztea, edo irribarre maltzurra ateratzea.

Izenburu aproposa dauka liburuak: Habitat. Txoko, habia, erreinu, gotorleku, ezkutaleku, bizileku… Denak dira sinonimoak, edo eremu semantiko bereko hitzak.

Baina orain arte esandakoagatik, etxea ez da, horrenbestez, soilik euskarri tekniko bat, liburuari kohesioa ematen diona (formalki bai).

Eta ez da, ezta ere, espazio fisiko hutsa, eszenatokia, baizik eta indibiduoen nortasunaren luzapena metro koadro batzuetan sintetizatua, norberaren inguruabarren salda egosten den lapikoa. Beste era batera esanda, ekosistema bat da etxea, elementu bizidunek eta elementu bizigabeek osatzen duten unitate berezia, kasuan-kasuan partikularra dena, harremanek eta elkarreraginek eratzen duten osotasun aldakorra delako.

Egon, liburuan apenas dago etxeen deskribapenik (literatura-molde klasikoetakoak), ez badira funtzio bat dutelako istorioan: komuna, edo sofa-ohea, edo Budaren iruditxoak aipatzea ez da dekorazio-estilo baten berri ematea bizimodu eta pertsona mota baten berri ematea baino, detaile urrien bitartez, atmosfera osoak pintatuz.

Habitat irakurrita berretsi dut hasierako uste hura: liburuan idazle-idazle bat dago. Metalentzako labe bat da liburua, zipriztinak, irakurleari fu egiten dioten atximurkadak jaurtitzen dituena. Horregatik, zorionak, eta txalo zuri, mirespenez, txika lista.

Erromesaldia

Posted by Katixa - Under: artikuluak, habitat

Liburu berria atera dudala eta, ekin diot hedabidez hedabide egin behar den erromesaldiari. Pelegrinazioa, antropologia erlijiosoak adierazten digun moduan, fenomeno unibertsala da. Musulmanek Meka daukate, katolikoek Santiago, juduek Jerusalem. Idazleei esaten zaie irrati publiko, eskualdeko kazeta edo tokian tokiko telebistaz telebista ibiltzea liburuaren onerako dela. Eta idazleok sinetsi, nonbait. Fede profesa kontua, erromesaldietan bezalaxe.
Hasieran ilusioa egiten du. Amari ere esaten diozu. Asteko seigarren elkarrizketatik aurrera ordea, nekadura baina ez da sentitzen, eta amak ere gaizki hartuko du berriro irratia pizteko mandatua. Baina aurrera jarraitzen dugu, hurrengo bihurgunearen ostean gure Monte do Gozo partikularra agertuko delakoan.



Otsail honetan, zorionez, ez nago bakarrik bide honetan. Etxera ailegatzen naizenean, telebista piztu eta hortxe ikusten ditut gure politikariak. Haiek ere beren erromesaldi propioan, mitin batetik elkarretaratze batera, telebistan ordu batean, irratian hurrengoan, beti keinuak egiten kameren aurrean, on the road, gelditu gabe. Eta nolabaiteko sinpatia sentitzen dut. Imajinatzen ditut telebista bateko makillajea kentzen dutenerako mitin baterako prestatu beharko dutela, eta haiei ere granoak agertuko zaizkiela makillajea eta desmakillantea hainbestetan erabiltzeagatik.

Diferentziak egon badaude, noski: idazle batek ez dizu inoiz siesta lehertuko megafono ibiltari batekin.

Baina funtsean parametro antzekoetan mugitzen gara.

Nik? Ez, nik ez. Nik ez dut liburu bat erosten medioetan askotan aipatzen dutelako, edo idazlearen ahotsa erakargarria zaidalako irratian. Ezta pentsatu ere: nik ez diot botoa ematen irribarre politena daukan politikariari. Ezta zuek ere, seguru.

Baina neuromarketing adituek diote gure erabakien %15a bakarrik direla arrazionalak. Alegia, zerbaitengatik egiten dugula aurrera erromesaldi irrazional honetan.