Toxikoak

Posted by Katixa - Under: artikuluak

Denok ezagutzen ditugu horrelako pertsonak. Arrisku oharra eraman beharko lukete lepotik zintzilik. Orain dela gutxi “pertsona toxikoak” etiketa egokitu zaiela jakin izan dut eta izendapen aparta iruditzen zait. Giroa eta aldartea erabat intoxikatzen dutelako, zinez.

Identifikatu ezin nituenean ez nekien zergatik jartzen nintzen hain urduri pertsona toxiko baten ondoan nengoenean, edo zergatik sentitzen nintzen pott eginda berarekin hitz egin ostean. Orain badakit, eta adi nago. Gauza bera egitea gomendatzen dizuet.

Pertsona toxikoek dena ikusten dute ilun, dena ospel. Baina ez hori bakarrik: zuk ere, eta inguruko edozeinek, dena ilun, dena ospel ikusi arte ez dira konformatuko. Eta okerrago dena: manipulazioaren artean maisu edo maistrak izaki, erraz lortu ohi dute beren helburua.

Pertsona toxikoari bizitza honetako erronkarik txikiena ere eskuraezina iruditzen zaio. Hori ezinezkoa da, e-zi-nez-ko-a, ez ezazu ezta saiatu ere egin, esango dizu, porrotaren bidea grafikoki deskribatuz. Ez dira konturatzen zein mespretxatzaile suertatzen diren jokaera horrekin.

Pertsona toxikoei dena ematen die beldurra. Mundua mehatxuz beteriko oihan umela da. Adibidez, etxeko lubakia utzi eta bidaiatzeari ekitea: zoramena! Eta ez dute bidaiatzen. Ondo da. Baina zuk bidaiatzeko asmoa duzula errebelatzen badiozu, eskuak burura eraman, eta bidaia horretan zure zain dauden arrisku guztiak gogoraraziko dizkizu: lapurretak, bortxaketak, gaixotasun tropikalak…

Ezin dute ezer ospatu, ezer ez baita nahikoa beraientzat. Lan berria? Soldata hobeago merezi zuten. Haurdunaldi bat? Buf, ea arazorik gabe datorren. Eta aldi berean, besteek lortzen duten edozein gauzari inbidia diote.

Urrunetik begiratuta, izugarrizko pena ematen dute pertsona toxikoek. Ezingo dute inoiz bizitza honetan disfrutatu (hurrengoa ere ez, seguru asko). Hurbiletik, berriz… hobe gehiegi ez gerturatzea, maskararik gabe behintzat.